Usurbilen hasi dira atez ateko bilketarako materiala banatzen
GARA |
Usurbilgo Udala hasi da atez ateko bilketarako materialak banatzen. Lehenak Aginagako bizilagunak izan ziren. Dozenaka bertaratu ziren material organikoa biltzeko potea eta «Atez ateko gida» jasotzera. Herritarrak prestu agertzen dira, izan ere, errauskailuaren mehatxua gertu-gertutik ezagutzen dute. «Lehen ere euroarekin ohitu ginen bezala, honekin ere ohituko gara, eta gainera gure mesederako izango da», zioen herritar batek.
Udaleko ordezkariak pozik agertu dira kanpaina herritarren aldetik jasotzen ari den erantzuna ikusita. Aipagarritzat dute konpostatzeko prest agertu diren familien kopurua, hain zuzen ere, 396. Kontuan hartzekoa da San Markoseko Mankomunitateak egindako kanpainen aldean, askoz ere hobeak direla honen emaitzak. Esaterako, 2005ean hamabost familiak baino ez zuten autokonpostatzea egin; 29k 2006an; 18k 2007an; eta 5ek, 2008an. Lau urteotan, beraz, 67 familiek egin dute autokonpostatzea.
Aurreikuspenen arabera, martxoko lehen bi asteetan jarriko da abian eredu bilakatu nahi duen atez ateko sistema hau. «Usurbilen egiten bada, Gipuzkoako beste edozein herritan egin daiteke», nabarmendu zuen Usurbilgo alkateak, Xabier Mikel Errekondok.