GARA > Idatzia > > Ekonomia

Aspaceko langileek lanerako eta soldata duina jasotzeko eskubidea aldarrikatu dute

Adimen, entzumen nahiz mugimendu urritasuna duten pertsonak biltzen dituen Aspace Elkarteko Lan Zentro Berezietako langileek manifestazioa egin zuten atzo Iruñean. Nafarroako Gobernuari bizi duten «egoera larria» kontuan hartzeko eta irtenbideak eskatu zizkioten.

GARA |

Aspaceko Lan Zentro Berezietako langileek manifestazioa burutu zuten atzo Iruñean, Nafarroako Gobernuari Noain eta Lesakako lantokietan «arriskuan» dauden 80 lanpostuen arazoari irtenbidea emateko eskatzeko, eta elbarriek «lanerako eta soldata duina jasotzeko» duten eskubidea aldarrikatzeko.

«Elbarriok ez dugu eskulan merkea izan nahi, ezta karitatetik, ez pentsioetatik bizi nahi ere, lan egin nahi dugu, gizarteari gure gaitasunak eman nahi dizkiogu», adierazi zuen kolektiboko ordezkari batek ekimenaren amaieran.

Manifestazioko pankartan «Roig bete zure hitza. Aspace irtenbidea» hitzak eraman zituzten. Izan ere, Jose Maria Roig, Lan sailburua gogoan izan zuten manifestazioaren amaieran, eta sailburuaren «hitz polit» eta «lanerako promesak» berdin jarraitzen dutela adierazi ostean, lana non dagoen galdetu zion kolektiboko ordezkariak.

Martxotik aurrera dirurik ez

Datorren asteazkenean kaltetuen ordezkari hainbat Nafarroako Parlamentura joango dira euren «egoera larria» azaltzera. Izan ere, lana erregulatzeko espedienterik aurkeztu ez badute ere, lantokietako zuzendaritzak jada adierazi die martxotik aurrera ezingo dituztela soldatak ordaindu.

«Lan munduan nahiz eremu sozialean integrazio osoa lortzeko 22 urtetan emandako pauso txikien ostean», urritasunen bat duten pertsonen egoerak ez dezala atzerapausorik jasan eskatu zuten, eta horretarako Nafarroako Gobernuari konpromisoa hartzeko eskatu zioten, «ez soilik ekonomikoki, baizik eta legea bete dadila aldarrikatuz ere bai».

Izan ere, legeak dio botere publikoak obligazioa duela, aurreikuspen eta lanketaren bidez, integrazio politikak garatzeko, urritasun fisiko, psikiko edota entzumenezkoa dutenei behar duten arreta eskaintzeko eta bereziki babesteko. Legez ezarrita dago, era berean, Administrazioak sortzen dituen lanpostuen %5 gorde behar duela ezinduentzat eta enpresa pribatuek, %2.

Aspace Elkarteak bost lan eremu ditu 240 langilez osatuta. Noain, Iruñea, Baztan, Aoiz eta Bortzirietako lantegietan banatuta, lan ugari burutzen dituzte.

LEGEA

Legeak dio urritasun fisiko, psikiko eta entzumenezkoak dituztenentzat integrazio politikak garatzeko obligazioa duela botere publikoak, horiek behar duten arreta eskaini eta bereziki babesteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo