Busturialdeko garapenaren aldeko jarrera berretsi du herri ekimen batek
GARA |
Busturialdean Lan eta Bizi Plataformak abenduan kaleratutako «Busturialdea Biziberritzearen Aldeko Aldarrikapena» eskualdean zehar zabaldu du azken asteotan.
Plataformaren ekimena «EAJren aurkako kanpaina» dela adierazi du, ordea, Bermeoko alkateak; eta berak harturiko erabakiak tirabirak ekarri ditu. Aldarrikapenarekin batera plataformak galdetegi bat zabaldu zuen. Bertan, Bizkaiko Ahaldun Nagusiak Sukarrietako udalekuen eremura Guggenheim-a ekartzeko egin duen 100 milioi euroko erreserba oinarri hartuta, ondorengo galdera egin zioten herritarrei: «Zein jardueratan inbertituko zenuke zuk diru hori Busturialdea biziberritzeko»?
Herriz herri erantzunak jasotzeko, toki ezagunetan postontziak jartzea erabaki zuen plataformak, tartean Bermeoko liburutegi nahiz kultur etxean. Bermeoko alkatearen erantzuna hori debekatzea izan da, «eraikinak alderdi baten kontrako kanpaina egiteko» ez direla erabiliko argudiatuz.
Plataformak neurri honen aurrean beren helburua «eskualdeko egoera prekarioa hobeto ezagutzea eta denok batera garapen solidario bat lortzea» dela berretsi du. Era berean, salatu du aldarrikapen horren oinarrian «arduradun publikoek garapen iraunkorrerako onartutako planak bete ditzatela» dela, ez EAJren aurkako kanpaina egitea.
«Herritarrek herriaren egoeraren mina sentitzen dutenean, alkateak, antza, bere alderdiarena sentitzen du», adierazi dute.