GARA > Idatzia > Kirolak > Alaves

Lehia garrantzitsua Nuevo Arcangel estadioan

Negua are gordinago bihur ez dadin, finala Kordoban

Gaixo egon den Gaizka Garitanorena da Manix Mandiolak gaurko duen zalantza nagusia. Kordobak bost puntu lortu ditu jokatutako azken bederatzi partidetan.

Jon ORMAZABAL | GASTEIZ

Udazken hasiera epel baten ostean, Deportivo Alavesek ez zuen, Maneri esatea gustatzen zitzaion bezala, «negurako beroki berorik» atondu, eta negua izugarri gordina izaten ari da. Salamancaren aurka erakutsitako hobekuntzak eta batez ere azken unean berreskuratutako puntuak egoera apur bat konpondu zuten arren, denboraleak berriz ere gogor jo lezake gaur Kordoban aurkari zuzen baten aurka taldea ezer urratzeko gai ez bada.

Otsail hasieran finalez hitz egiteak gehiegizkoa ematen badu ere, gaurko lehiak izugarrizko garrantzia dauka Mandiolarenentzat, izan ere, Kordobak aurrea hartuko lieke sailkapenean irabaziz gero eta babazorroak jaitsiera postuetan sartuko lirateke, aurretik dituztenekiko aldea areagotuz.

Jokalariei presio apur bat arintzearren edo, babazorroen entrenatzaileak garrantzi apur bat kendu nahi izan zion gaurko lehiari. «Azkenean Alavesen helburua mailari eustea da eta hori 50 puntu bilduz egiten da. Kordobako partida garrantzitsuagoa da, gertuen daukaguna hori delako. Egia da, gero, irabaziz gero sailkapenean zulo handia egin genezakeela, eta galduz gero gurekin batera izango genituzkeela, baina Kordoban irabazita ere beste hogeitaka puntu behar ditugu helburua lortzeko. Partida bat gehiago da».

Garitano, zalantza nagusia

Aurreko igandeko partidarekin nahiko gustura geratu zenez, Eibarko entrenatzaileak -bizkarreko mina ez zaio kentzen eta laster ebakuntza egin beharko diote- aldaketa gutxi egingo ditu hasierako hamaikakoan. Berez, ezker hegalean, min hartuta dagoen Edu Albacarren lekua Raul Llorentek hartzea litzateke aldaketa bakarra, baina dena Gaizka Garitanoren osasun egoeraren araberakoa izango da. Deriokoa gaixorik izan da egunotan, baina badirudi jokatzeko moduan egongo dela. Hala izango ez balitz, Mendiolak bi aukera izango lituzke haren hutsunea betetzeko, Pablo De Lucas kokatzea haren lekuan edo pibote postua Natxo Garrori ematea, horretarako Salamancaren aurka horren ondo aritu zen atzealdea aldatuz.

Nico Bonis atezaina ere min hartuta izan da astean zehar, baina hau ere jokatzeko moduan egongo dela uste du Manix Mandiolak. Horrela izan ezean, «ez daukagu inolako beldurrik, Bernardorengan konfiantza berbera daukagu».

Alavesen azken zenbakiak txarrak dira, baina Kordobarenak ez dira inondik ere hobeak, izan ere, azken bederatzi partidetan bost puntu baino ez baititu lortu. Egoerari buelta eman nahian, Natalio Oberman eta Javi Casas fitxatu ditu Javier Zubillagak. Alavesen aritutako Gaspar hamaikakoan izango da eta Carpintero deialdira itzuli da min hartuta egon ostean.

 
 
KORDOBA-ALAVES
TENERIFE-EIBAR
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo