GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Aizkora Urrezko Lehiaketa

Arrospide eta Azurmendi ere Azpeitian izango dira

Leaburukoak eta Arriarangoak aurreikuspenak bete zituzten, eta finala jokatzeko moduan dira.

p046_f01.jpg

Jon LEUNDA | UHARTE ARAKIL

Ez da ezusterik izan, eta Arrospidek eta Azurmendik lortu zuten atzo, Uharte Arakilen, hemendik bi astetara Azpeitian jokatuko den finalean aritzeko txartela, atzoko finalerdietan Rekondo eta Arria menderatuta.

Leaburukoak eta Arriarangoak azkeneko bi lanetan erabaki zuten auzia, ordura arte, nahiz eta aurretik joan, gauzak nahiko estu baitzeuden, baina amaierako lanetan alde handia atera zuten, eta garaipena lortu zuten.

Errezildarra eta leitzarra nagusitzen hasi ziren, lehen lana beraiek eraman baitzuten. 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan erdibitu lehiatu ziren, eta hiru kolperen aldeagatik bereganatu zuten lehia hau. Lanak 31 kolpetan amaitu zituzten.

Ondoren, txanda librean 60 ontzakoa zutik erdibitu behar izan zuten, eta hori Gipuzkoako bikoak eraman zuen, enborra minutu eta 27 segundotan amaituta, eta bi segundoren aldea kenduz. Hirugarren ekinaldian lortu zuten Arrospidek eta Azurmendik aurretik jartzea. Hor, bi 45 ontzako erlojuz kontra moztu behar zituzten, eta minutu eta 22 segundotan amaitu zituzten lanak, eta hiru segundoko tartea egin zuten. Aurretik jarri ziren, baina bi segundoko tartea bakarrik zuten.

Laugarren lanean, 45 ontzako enbor bat zutik, eta bestea etzanda erdibitu behar zuten, eta hori ere Arriarangoak eta Leaburukoak bereganatu zuten. Bi minutu eta lau segundotan amaitu zituzten lanak, eta 15 segundoko aldea atera zuten.

Hala ere, tarterik handiena azkenaurreko lanean atera zuten. Hor, bi 60 ontzako moztu behar zituzten, eta enborrak 4 minutu eta 23 segundotan bota zituzten garaileek, eta 57 segundoko aldea kendu zieten.

Azkenean, bi 45 ontzako, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako zituzten txanda librean mozteko, eta Azurmendik eta Arrospidek ez zuten hutsik egin. Sei enborrak 8 minutu eta 32 segundotan bota zituzten, eta minutu erdi bat pasako aldea lortu zuten.

Lan guztiak burutzeko, 18 minutu eta 21 segundo behar izan zituzten Arrospidek eta Azurmendik, eta Rekondok eta Arria V.ak, berriz, 20 minutu eta 15 segundo behar izan zituzten. Finala bi aste barru jokatuko da, eta Azpeitian izango dira aurrez aurre Larretxea eta Atutxa II.a, egungo txapeldunak, eta Arrospide eta Azurmendi.

Gazte mailakoan, lehen finalerdia jokatu zen atzo Uharte Arakilen bertan, eta Saralegi-Olano bikoteak lortu zuen finalerako txartela, finalerdietan Larretxea lehengusuak, iazko txapeldunak, mendean hartuta. Irabazleen denbora 16 minutu eta 31 segundo izan zen, eta galtzaileena, berriz, 17 minutu eta 14 segundotakoa izan zen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo