Arrangoitzeko trinketean abiatuko da benetako Buruz Burukoa
J.L. | DONOSTIA
Askoren ustez gaur abiatuko da Arrangoitzeko trinketean benetako Buruz Burukoa, bertan hasiko baita finalerdietako ligaxka, eta bertan arituko dira lehen faseko lau pilotaririk onenak.
Ligaxkako lehen jardunaldi honetan jokatuko dira lehenengo bi partidak. Hasteko, Ezkurra II.a eta Kurutxari neurtuko dira, eta bigarrenean, berriz, Waltari eta Ozafrain arituko dira nor baino nor. Bi partidak erakargarri eta dotoreak izango diren itxura dakar.
Jaialdiko lehen partidan Ezkurra eta Kurutxari arituko dira nor baino nor, eta partida honetan lehenengoaren alde aterako da dirua. Iaz finalean izan zen Paxkal, eta txapela bi aldiz jantzi ere egin du; beraz, aurten ere lehian aritu nahi du.
Irabazten hasteak garrantzi handia izaten du, eta horretan ahaleginduko da. Aurkaria, ordea, gogorra izango du, Kurutxari pilotari arriskutsua baita. Ez du Urruñakoaren jokorik, baina beti gainean egoten den horietakoa da. Hala ere, Paxkal izango da faborito garbia.
Bigarren partida estuagoa agertzen da. Waltari eta Ozafrain arituko dira. Egungo txapelduna da kubatarra, baina Bankakoak ere badaki txapela janztea zer den.
Waltari aterako da irabazteko faborito, dirua ere alde izango du, nahiz eta alde handirik ez den izango, baina Patrick Ozafrainekin kontuz ibili beharko da.
Nafarroa Beherekoak badaki zer egin behar duen. Errestoan ahalik eta ongien aritu, eta gero ahal duenean erasora jo. Waltari burua azkar galtzen duen horietakoa da, eta kintzea berehala finitzen ez badu azkar jartzen da urduri, eta askotan pilota galduz amaitzen du. Beraz, Ozafrainek lana gogotik egin beharko du, eta tantoa ahalik eta gehien luzatu, nahiz eta amerikarra aurrean denean hori ez den erraza izaten, berak pilotari abiadura handia ematen baitio, eta halakoetan erantzutea zaila da.