GARA > Idatzia > > Kultura

Julio Soto Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalerdietara sailkatu da, merezimendu osoz

GARA | IGANTZI

Nafarroako Bertsolari Txapelketak aurrera doa, eta iazko irabazle Julen Zelaietarekin eta Auritzen sailkatu ziren Jon Barberena eta Aimar Karrikarekin batera finalerdian oholtzara nortzuk igoko diren argituz doa.

Atzo Igantziko erretiratuen elkartean jokatu zen lehen final-laurdena, eta bertan, Julio Soto atera zen garaile. Iazko txapelketan hirugarren postua lortu zuen gazte gorritiarrak saio borobila egin zuen, guztira 199.5 puntu lortuta. Alde nabarmenarekin lortu zuen, horrela, garaipena. Modu horretan, finalaurrekoetan parte hartuko duten hemezortzi bertsolarien zerrendan sartu zen.

Bigarren Iñigo Olaetxea izan zen 178.5 punturekin, eta gertutik jarraitu zion Eneko Lazkozek, puntu eta erdi gutxiago lortu zituela. Iker Gorosterrazu laugarren postuan sailkatu zen eta Oier Lakuntza bosgarrenean, 165.5 eta 165 puntu lortu zituztelarik. Seigarren, Garazi Taberna izan zen, Nafarroako Bertsolari Txapelketan lehen aldiz parte hartu duen beratarra.

Bigarren final-laurdena, bestalde, gaur jokatuko da Beteluko Zigari elkartean arratsaldeko 17.30ean hasiko den saioan. Bertan, Erika Lagoma, Miel Mari Elosegi, Ander Fuentes, Aritz Saragueta, Iñaki Aleman eta Iñigo Ibarra seikotea elkartuko dira. Saio horretan, hain zuzen ere, txapelketako beteranoetako bat den Saragueta eta iaz finalista izan ziren Lagoma eta Elosegi izango dira. Saio orekatua da, beraz, gaurkoan espero dena.

Datorren hitzordua larunbatean izango da, Tafallan. Bertan Xabier Terreros, Xabier Legarreta, Diego Riaño, Joxe Juan Zubieta, Ekaitz Astiz eta Xabier Silveira izango dira protagonista. Ondoren, otsailaren 21ean, Goizuetan hasiko diren finalaurrekoen txanda izango da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo