GARA > Idatzia > > Kultura

«`Hobbita' nerabezaroan irakurri, eta oharkabean hasi nintzen itzultzen»

p051_f01_195x108.jpg

Sergio Ibarrola

«Hobbita» liburuaren itzultzailea

Zara ezizenarekin «TMEO» aldizkari adarjotzaile eta zirikatzailean batetik, edo Balerdi Balerdi power pop talde bikaineko bateria jotzaile gisa bestetik, ibilia da Sergio Ibarrola. Alta, honakoan beste zaletasun bat aurkeztu digu nafarrak, eta nerabezaroko irakurketen emaitza erakutsi, aspaldi euskarara itzuli zuen Tolkienen «Hobbita» Igela argitaletxean plazaratuta.

Anartz BILBAO | BILBO

Sergio Ibarrolak lehen itzulpen lana du John Ronald Reuel Tolkienen (1892-1975) «Hobbita». Idazle unibertsalak «Eraztunen jauna» baino hogei bat urte lehenago seme-alabentzako idatzi zuen ipuina dugu «Hobbita». Gerora, editoreak antzeko ipuin gehiago idazteko eskatu, eta «Eraztunen jauna» sortu zuen, sekulako arrakasta erdietsiz. Alta, Ibarrolak oraindik ere gustukoagoa du lehen lan hura Frodoren abenturak kontatzen dituen liburu mardula baino, eta berarekin solastatu gara, askok «fantasiaren jauntzat» duenaren lana ezagutzeko asmoz.

Gogoan al duzu noiz irakurri zenuen aurrenekoz «Hobbita»?

Betidanik gustatu izan zait irakurtzea, eta gaztetan abentura- nobela ugari irentsi nituen, Stevenson, Verne, Swift eta beste. «Hobbita» ere hamabost-hamasei bat urterekin irakurri nuen, eta gustatu egin zitzaidan, beste liburu asko bezala.

Hitz egin dezagun «Hobbita» lanari buruz.

Gaztetxoentzat, hamalau urtetik gorako gaztetxoentzat irakurtzeko aproposa dela uste dut. Finean, akzio eta misteriozko lan bat dugu. Hobbit bat da protagonista, bere herrian lasai-lasai bizi dena, ez baita deus ere gertatzen eta ez baitu deus ere gertatzerik espero, zoriontsu bizi delako. Gandalf aztiak, hamahiru ipotxekin agertu, eta abentura batean sartuko du, baina, mendi magal batean bizi den herensuge bati altxorra ken diezaion. Pentsa zer-nolako kontuak! Gainera, hasi eta abentura bukatu arte, Ulisesek berak baino gorabehera eta gertakizun harrigarri gehiago dauzka, zein baino zein larriago. Hemendik pare bat urtera zineman ere ikusiko dugu istorioa, egun filma prestatzen ari omen dira-eta.

Eta Tolkien, autoreaz.

Tolkienek oso mundu sakona sortu zuen eta zale sutsuak ditu munduan zehar, «Star Trek»ekoak bezala, ia-ia. Gainera, berak sortutako mundu horretan elfoak, ipotxak, trollak eta abar agertzen dira, Stevensonen liburuetan piratak agertzen ziren bezala. Bera antzinako ingeleseko irakaslea zen, eta filologia eta mitologia eskandinaviarra maite zituen (bere liburuetan hizkuntzak ere asmatu zituen, elfoena esaterako, finlandiarretik, grezieratik eta abar). Mundu oso bat asmatu eta moldatu zuen bere lanetan, harrigarriro, «Hobbita», «Eraztunen jauna» eta «Silmarillion» lanera heldu arte. A zer-nolako burua! Fenomeno hutsa zen.

Noiz eta zergatik erabaki zenuen lana euskarara itzultzea?

Egia esateko, ez dakit nondik datorkidan itzultzearen grina. Eta liburu hau zehazki, ez dakit ba, ederra eta borobila delako, eta ez oso luzea ere. Gaztelaniazko bertsioarekin hogei bat urterekin hasi nintzen, erlaxatzen ninduelako edo. Oharkabean hasi nintzen, eta bi edo hirugarren atalera iritsi nintzenean, eskuz, oso gustura ari nintzela konturatu eta, ingelesez banekienez, ingelesezko bertsiotik egin behar nuela erabaki nuen.

... baita egin ere.

Londresetik ekarri zidaten bertsioa eskuratu, eta ingelesetik hasi nintzen. Hiztegi bat txikitu eta ari eta ari eta ari, halako batean bukatu nuen, bospasei urte eman ostean horretan. Bestalde, liburu erdia baino gehiago itzulia nuelarik jakin nuen euskarara ez zegoela itzulita eta grina handiagoa sartu zitzaidan, pentsatuta egunen batean izan nezakeela ateratzeko aukera.

Beraz, itzultzen hastean, buruan ez zenuen argitaratzea.

Behin bukatu eta aspaldira arte ez, orain hamabost urte baino gehiago finitu nuen-eta. Kontua da orain sei-zazpi urte, Txalapartak «Eraztunen jauna» plazaratu zuela eta, itzultzailearekin harremanetan jarri nintzela, leku eta pertsonaia izenak bat etor zitezen asmoarekin. Harrigarriro, Igelak nire lanaren berri izan eta interesa agertu zuen -serioak zirela uste nuen nik, eta ez friki koadrila bat-. Eta nik miresten dut bertako editorea den Olarra (itzultzaileen NBAko kapitaina da Xabier), egin dituen itzulpenak oso gustura irakurri ditut-eta. Beraz, harremanetan jarri eta itzulpen eskubideak lortzeari ekin zion.

Euskarara atzerriko obrak itzultzeko eskubideen kontu hori, lan nekeza al da?

Kontuan hartu garai hartan izan zela pelikularen kontua, eta denok dakigu zer-nolako arrakasta izan zuen «The Lords of the Rings» lan hirukoitzak. Nik imajinatzen ditut eskubideak ematen dituen Londreseko bulegoan, sosak kontatuz eta harpa joka daudela, halako batean, Olarrak deitzea eta... `aizue, egin nahi dugu mila aleko itzulpen bat Europako hizkuntzarik zaharrenean!'. Horretan geratu zen orduan kontua, baina behin filmaren goraldia apalduta, 2007ko Azokan, erantzuna jaso eta eskubideak lortu zituen, tratu ona eginda.

Itzulpena Olarra eta bion artean sinatzen duzue gainera.

Bitxia da, baina «Hobitta»n fonetikoki indarra duten hitzak agertzen ziren ingelesez, punpa, kunka eta kulunka bezalako onomatopeiak eta kraska, saska edo talka moduko errima asko. Lan handia egin nuen (Mokoroaren liburuen babespean) itzulpenean ere aberastasun hori ager zedin eta alde horretatik Igelak ondo zegoela esan zidan. Olarrari dagokionez, orraztu potente bat eman zion itzulpenari, liburuan agertzen diren asmakizun, kantu eta bertsoetan. Ingelesez errimadunak diren arren, errima gabeak egin nituen nik -gaztelaniazkoan ere hala daude-, eta Olarrak ordea, errimatu egin ditu euskaraz, kristoren lana eginda. Beraz, nik enborra egin, eta Olarrak (Fernando Reyren laguntzarekin) puntu artistiko eta literarioa eman dio. Azaleko marrazkia berriz, Alan Leerena da, Tolkienen ilustratzaile famatuarena, eta liburu ederra da lan guzti horren isla.

Emaitzarekin gustura, beraz.

Bai, oso harro nago. Niretzat ederra izan da Igelakoek nire eskuizkribua zuzendu, eta behin liburua argitaratuta, esku artean izatea. Bene-benetako saria.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo