ERASOAK
Autobus baten eta Eusko Tren-eko bagoi baten aurka sabotajeak egin dituzte
Kale erasoak izan ziren ostiral iluntzean Gipuzkoan eta Araban, Eusko Tren-eko bagoi baten eta autobus baten kontra, hurrenez hurren. Lakuako Barne Sailak adierazi zuenez, lehena Errenterian jazo zen, 20.50ak inguru eta Eusko Tren-eko bagoi bati eraso egin zioten ezezagun batzuek. Bagoia tailerrean sartzeko zegoela «eztanda txiki bat» izan zen eta horren ondorioz, erabat kiskalita geratu zen. Bagoian makinista bakarrik zihoan eta ez zuen zauririk izan. Erasoak eragin zituen kalte materialak 600.000 euro inguruan finkatu zituen Lakuako Barne Sailak eta bagoia konpontzeko «bost bat hilabete» beharko dituztela jakinarazi zuen. Bestalde, Amurrion autobus bati eraso egin zion ezezagun talde batek ostiralean 21.45 inguruan. Barne Sailaren iturrien arabera, autobusean zihoan jendea handik atera ostean, su eman zioten autobusari, eta kiskalita geratu zen azkenean.