GARA > Idatzia > Iritzia > Zirikazan

Josebe EGIA

Hipokrita ofizialak

Gauza bitxia da hipokrisia. Forma ezberdinak har ditzakeenez, batzuetan zaila egiten da identifikatzea. Sotila baita, hipokrisia. Mozorrotzen eta justifikatzen abila baita, hipokrisia. Nork praktikatzen duen ere, berebiziko garrantzia dauka horrek. Zeren horren arabera, kosta baitakiguke hipokrisia aurrean dugula sinestea. Eta aizu, dezente alda daitezke gauzak, hau izan edo beste hura izan.

Izan ere, «auzoko» hipokritak eta hipokrita «ofizialak» baitaude, eta niri neuri goragalea biek ematen badidate ere, azkenean benetan eragiteko botereak kezkatzen eta nazkatzen nau. Auzokoak eguneroko bizitzan maneiatzen ikasi dut, gutxi gorabehera eta disgustu bat edo beste gaindituta; baina nola egin ofizialen artean hondoraino sartuta dauden, sartuta eta onartuta eta beneratuta dauden horien kontra?

Elizaren kontra, alegia. Sekta-erakunde agortezin hipokritenaren aurrean, zein arma hartu? Eliza baita bigarren modalitate horren eredurik garbiena, eta onartuena eta beneratuena... (Gobernu espainolaren jokabidea Vatikanoko bigarrenaren aurrean, «ohore egin» besterik ez datorkit burura).

Onartua eta boteretsua, gainera. Izango duzue egunotan Italian darabiltenaren berri, 17 urtez egoera begetatiboan dagoen emakumeari behingoz hiltzen utzi edo ez, Eluanari bizitza kendu edo ez. «Bizitza» diote. Hor bizitza non ikusten duten galdetzen diot neure buruari. Herrialde bakoitzak bere gaitzak ditu, Italiak Berlusconi, besteak beste. Orain ere bere atzaparra sartu beharra eduki du eta hor dabil dekretuka Zuzenbidezko Estatua harroinak dardarazten. Harroinez gain, hainbat sentsibilitate ere. Berlusconi ez dago bakarrik, ordea. Hor dauka Vatikanoa, hurbil eta babesle, egia bakarra eta zuzena -«bizitza da ondasunik baliotsuena»- nabarmentzen eta bere forma guztietan defendarazten. Eta ez dionak gauza bera irizten: hiltzaile -motzean-.

Bizitza da emakume horren egoera? Bizitza da emakumeon sabeleko enbrioia, emakumearen bizitza -hori bai erreala- suntsi dezakeena? Bizi daiteke «bizitza dut» esanda HIESak jotako pertsona, jakina, pertsona pobrea, baliabideak eskuratzeko inolako aukerarik gabekoa, baztertua, menderatua eta mundu honen egituran azkena dena? Eta maite duenari heriotzarako bide ziurra eman diezaiokeela jakinda? Bizi daiteke pertsona bat «bizitza dut» esanda maitasuna adierazi eta garatu ezinik? Barrenak agintzen dion bizitza-proiektua aurrera eraman ezinik eta, gainera, gaixoa dela entzun behar duelarik?

Beste era batera esanda, bizitzaren alde egiten du Vatikanoak heriotza duina, abortua, antisorgailuak eta ezkontza homosexualak, besteak beste, eragozteko bere indar eta hipokrisia guztia baliatzen dituenean?

Jakin nahi dut zein den baliozko eta behin betiko arma «bizitza» ahoan hainbeste darabilen kuria horri guztiari, bere laguntzaileak ahaztu gabe, munduari begiratzera eramateko eta ondorioekiko jardutera behartzeko. Justiziaz eta askatasunez ere bete dezaten ahoa. Bizitza duina denean baino ezin zaiola bizitza deitu ez dakitela antzezten ikusteaz nazkatuta nagoelako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo