GARA > Idatzia > Kirolak > Futbola

Zubieta

Kopa jokatzeko ametsa gero eta gertuago dago

REAL SOCIEDAD 2

SPORTING 1

J.L. | DONOSTIA

Realak garrantzi handiko garaipena erdietsi zuen atzo Sporting taldearen aurka, eta Kopako txartela lortzeko borroka horretan beste urrats bat eman zuen.

Amaieran gipuzkoarrek denbora eskatuz amaitu baldin bazuten ere, emaitza motz geratu zen, Javier Garmendiak zuzentzen dituen neskek askoz ere gehiago merezi izan baitzuten, eta sartutakoak baino gol gehiago sartzeko aukerak izan zituzten.

Donostiarrek lehen ordu erdia bikain jokatu zuten, agian Zubietan denboraldi honetan egin dutenetan onena. Baloia ederki mugitu zuten hegalak bilatuz, eta pase luzeak eginez.

Lehen hamar minutuetan euskaldunek lau aukera garbi izan zituzten, baina baloiak ez zuen sartu nahi. Hortik aurrera ere zuri-urdinek aukerak sortuz jarraitzen zuten, baina Tahis, andaluziarren atezaina, bikain ari zen bere lana egiten, eta markagailuak mugitu gabe jarraitzen zuen.

Hala ere, aukerarik garbiena 18. minutuan heldu zen. Encinasek area barruan jaurtiketa ederra egin zuen, baina Tahisek geldialdi bikain batekin erantzun zion, errebotea, ordea, Paredesi joan zitzaion, eta honen jaurtiketa atzelari batek atera zuen atepetik.

Azkenean, 27. minutuan heldu zen gola, Ormazabalek lortutakoa, eta gauzak apur bat lasaitu ziren horrekin. Bigarren zatiak ez zuen izan aurrekoaren besteko erritmorik, baina zelaiak ere ez zuen gehiegi laguntzen.

Hala ere, donostiarrek nagusi izaten jarraitzen zuten, baina kanpotarrek lehen aukera garbian ez zuten barkatu, eta Sandritak berdinketa lortu zuen. Etxekoek berriro ere hutsetik hasi behar izan zuten, baina berehala heldu zen bigarren gola ere. Falta baten jaurtiketa Zelaiak errematatu zuen buruz, eta berriro ere aurretik jarri ziren.

Orduan, kanpotarrek aurrera jo zuten, baina Azkarate gehiegi estutu gabe, eta kontraerasora Realak beste aukera bat egin zuen. Landaren jaurtiketa kanpora joan zen, ordea.

Amaieran puntuak etxean geratu ziren, eta Kopa jokatzeko ilusioak bere horretan jarraitzen du. Hala ere, garaipenaz gain, taldeak emandako itxura ere nabarmentzekoa da, bikaina izan baitzen, eta horrek ere indarra emango die.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo