GARA > Idatzia > Iritzia > Txokotik

Gari Mujika Kazetaria

Santimamiñetik Ajuria Enera iritsi nahian

Egungo gazteriak euskal nortasunaren esentzia Santimamiñeko leizean bilatzeari uko egin diola ziurtatu du Patxi Lopezek. Munduko hiritar izatearen diskurtso obamatar hutsala aireratuz, Konstituzio espainolaren kartzelak euskal herritarrei eskaintzen dizkien hutsaren hurrengo askatasun eremuez aritu zen euren izanean eta izenean euskal atzizkia ukatzen duten hamarka gazteren aurrean.

Hobeto aritu zen Donostian, Rodriguez Zapatero alboan zuela, Iparragirreren bertso bat irakurri zuenean. Hendaian abestu zuen Urretxukoak, espainolek Gipuzkoara sartzea debekatu ziotenean. Euskal Herriko zazpi herrialdeei egin zien kantu. Hurrengo egunean, baliteke Portugaletekoari diskurtsoa egin ziona kale gorrian izatea. Baina berak ulertzen ez duena nola ulertuko diote euskaraz ez dakitenek? Hala ere, gazteriak bere aberriaz duen ikuspegira gehiago gerturatu zen orduan.

Bitartean, Iñigo Urkullu Madrilek oparitutako «pintzekin» Sabin Etxeko trapu zaharrak garbitu eta PSOEren liburuetan eskegitzen aritu da. Burukide duen Joseba Egibar izan da, ordea, egia biluztu duen bakarra: «Joko arauak aldatu dituzte, baina garbi daukagu jokatu egin behar dugula».

Politikariak, arazoak konpondu beharrean, filosofia irakasle lanetan hasten direnean, lokazturiko bideetan tronpatzen dira beti. Hala, Santimamiñeko kobaz gain, Platonen haitzuloaren mitoa ere berridatzi nahia erakusten dute. Eurak dira, orain, koba barruan eurena soilik izango den errealitate faltsuan bizi nahi dutenak. Itsu, mutu, gor. Egitekotan, lau prentsa ohar, eta korrika batean, berriro, koba barrura. Santimamiñen behintzat, herri oso bat lotsarazten dutenek nekez lortuko dute ondorengo belaunaldien aurkikuntza marrazki bilakatzea. Are gutxiago, orain bi urte leizeetatik atera eta errealitatea garbiki marrazturik gelditu zenean. Alferrikakoa da orain berriro kobara itzultzea.

Halako batean, Madrilen zartarazitako lau kristalen lausoak begitartetik kentzen dituztenean, akaso, konturatuko dira errealitatea burugogorra dela. Eta beti koba kanpoan dagoela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo