GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

Nafarroako IV. Enplegu Plana, norentzat ona?

Atzo Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Enpresaburuen Elkargoak (CEN) eta UGT eta CCOO sindikatuek sinatu zuten IV. Enplegu Planak 3.500 lanpostu sortuko omen ditu aurten eta, hainbat neurriri esker, 50.000 lagunentzat onuragarria izango omen da. Ezin gutxiago espero 158 milioi euroz hornitutako plan batetik; hala ere, azken hamar urteotan horrelako planetan gastatutako 1.250 milioiek ez dute balio izan enplegua azkartzeko, ez eta lan istripuak eta oro har prekarietatea gutxitzeko ere. Krisi ekonomikoak Nafarroa bereziki astindu du arlo horietan. Enplegu erregulazioak geldiezinak dira, langabezia tasa historikoa, aldi baterako kontratuen ehunekoak Europakoa bikoiztu du... Horiek horrela, atzo sinatutako planak, aurrekoak bezala, nekez lortuko ditu iragarri dituzten helburuak. 3.500 lanpostu sortuko omen dira, baina planak ez ditu aipatzen deuseztatuko direnak.

Sindikatu abertzaleek horrelako akordioen eraginkortasunik eza salatu dute. Eta bitxia da UGTren eta CCOOren presentzia plan horretan. Bitxia, baina ez arraroa, ez baita berria, eta Miguel Sanzek enpresaburuei eta UGT eta CCOOri batera eman zien Nafarroako Domina harreman on horren adierazle da. Horrelako akordioak langileentzat baliagarriak ez izateak, ordea, ez du esan nahi inorentzat onuragarriak ez direnik, sindikatu horientzat finantzazio iturri baitira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo