GARA > Idatzia > > Euskal Herria

«Lizartzan bizi dugun egoera salatuz, Otaolaren aurkako epaiketa bilakatu nahi dugu»

p016_f02_10126.jpg

 
Peio  Olano
Auzitegi Nazionalean epaituko dute gaur

Sei urteko espetxe zigorra, 24.000 euroko isuna eta Lizartzara hamar urtetan itzultzeko debekua eskatzen du Fiskaltza espainolak Madrilen gaur epaituko duten Peio Olanoren aurka.

Mehatxatu egin zenuela salatu zuen herriak aukeratu ez zuen Otaolak berak. Nola gogoratzen duzu egun hura?

Herriko jaien bezpera zen, irailaren 7a. Goizeko zortzietarako etorri ziren. Betiko moduan, ertzain pila batekin. Bandera espainola ezartzera etorri ziren. Sei-zazpi bat zinegotzirekin etorri zen Regina Otaola. Aurrean, plazan, ikurrinaren aldeko kontzentrazioa egin zen. Oihuak eta halakoak izan ziren, baina horretan gelditu zen. Gero, Ertzaintza nire bila zebilela jakin nuen. Tabernan, etxean eta lantokian izan ziren galdezka. Tolosako komisariara joan eta nire aurkako salaketa aurkeztu zuela esan zidaten, «Otaola vas a morir» esan niolakoan. 

Eta hurrengo albistea Madrila joan behar zenuela izan zen.

Orain hamar bat hilabete edo izan nintzen Auzitegi Nazionalean. Pedraz epailearen aurrean egon nintzen. Fiskaltzak ikaragarrizko neurriak eskatu zituen nire aurka, baina etxera bueltan gentozela abokatuak deitu zidan esanez epaileak ezezkoa eman ziola nire aurkako neurri horiek ezartzeari. Albiste ontzat jo genuen. Baina gero, prentsaren bidez jakin nuen, Kataluniako lagun batek deitu zidalako, sei urteko espetxe zigorra eskatzen zidatela. Abokatuak ez zeukan ideiarik ere. Albisteak zioen Zaragoza fiskal nagusiak eman zuela kasua mugiarazteko agindua.

Eta epaiketaz noiz ohartarazi zizuten?

Joan den ostegunean. Bizkaitik etorritako bi ertzain etorri ziren etxera. Horrelako epaiketa bat bost egunetan abisatzea oso arraroa da. 

Antzeko kasua du Zigor Goikoetxeak ere.

Bai. Abokatuak dioenez, zail dago. Baita espetxeratzeko arriskua ere. Baina espero dezagun etxera itzuliko naizela. Lau ertzainek ere deklaratu behar dute, eta euren deklarazioan argi jasotzen da egun hartan ez zela istilurik izan. 

Fiskalaren eskaerak, gainera, ikaragarriak dira.

Mendekuaren tankera du. Sei urteko espetxe eskaera larria da, baina hamar urtez Lizartzara, neure herrira, itzultzeko debekua eskatzeak ez du ez hankarik ez bururik. Arraroa da oso, gainera, Otaola ez delako ez Lizartzakoa eta ez delako bertan bizi. Eta berarekin topo egin ez dezadan egiten badute eskaera hori, ilogikoa da. 

Lizartzan bizi ez izateko, nahikoa baldintzatu du herria, ezta?

Bai, kontu latza da, hogeita zazpi boz jasota egin baitzen alkate, haserre itzela eraginez. Ezker abertzaleak 186 boz jaso zituen eta 40 zuri izan ziren. Azken urte eta erdi honetan, ostiralero, bera Lizartzara etortzen denean, kontzentrazioa egin ohi dugu. Hutsik egin gabe. Egun hartan 366 lizartzarrek eman zuten botoa, baina handik hilabetera 402 izan ziren Otaolak Lizartzatik alde egiteko eskatzen zuen sinadura bilketan parte hartu zutenak. Gaur, epaiketan, datu horiek ere azalduko ditugu. Epaiketa, nire aurka baino, Otaolaren aurkako epaiketa politiko bilakatu nahi dugu, Lizartzan bizi dugun egoera salatuz.  

Epaiketa Otaolaren aurkako bilakatu?

Begira zein larria den Lizartzakoa, Estatu espainoleko komunikabide guztiak igaro direla bertatik; baita Al Jazeera, BBC, The Times, Alemaniako komunikabideak... ere. Ezkutuko kamerekin eta guzti aritu ziren herritarrei galdezka. Otaola eta PPkoak astean behin etortzen dira, eta beti kristorena muntatzen dute herrian. Kexatzen lehenak, gainera, udaletxe alboan dagoen ikastolako haurren gurasoak izan ziren, umeak jolasten diren bitartean hamarka polizia izaten baitira inguruan armekin.  

Eta zer irabazten du Otaolak herri oso baten aurka jarrita?

Hasieran, Estatu espainoleko alkate famatuena izatea. Kanpaina mediatikoa egin zuen. Epe luzera, ordea, galtzen ari da, nahiz eta herritar ugari kaltetu. Galtzen ari da herriaren erantzunagatik, eta sinadura bilketaren datuak esanguratsuak dira. Epe luzera dena du galtzeko. Nahiz eta, ikusitakoak ikusita, beldurra ere sortu duten herritarrengan. Isun ugari ezarri dituzte herritar askoren kontra. Baina larriagoak dira egiten dituzten eskaerak; hirurogeita bat urteko lizartzar bati lau urteko kartzela zigorra ezarri diote PPko zinegotzi bati makilarekin jotzeko asmoa zuela egotzita. Gari MUJIKA|

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo