Kronika | Austrialako suteak
Klima aldaketa eta lehortea hondamendiaren atzean
Australiako suteek 170etik gora hildako eragin dituzte. Datu hori, dena den, motz gera daiteke ehun bat lagun desagertuta baitaude. Victoria estatuko Gobernuak ikerketa batzorde bat osatuko duela iragarri du. Australia munduko herrialde lehorrenetariko bat izanik, klima aldaketak eta tenperatura igoerak suteen ondorioak larriagotu ditzakeela ohartarazi dute adituek.
GARA
Suteen emaitza lazgarriak oraindik ez direla amaitu ohartarazi zieten atzo herritarrei agintariek. Hildakoak 170etik gora dira jada, baina ehun bat lagun desagertuta daude oraindik. Aipaturiko kopurua, beraz, motz gera daiteke. Gehienak etxeak babesteko saiakeran, txoko batean makurtuta edo kotxean hil ziren. Bizirik atera diren askok gorputzaren %30 erreta dute. Batzuek 2002an Baliko atentatuetan zauritutakoek baino zauri larriagoak dituzte.
«Gaur goizean jaso ditugun txostenek egoera izugarria deskribatzen dute», azaldu zuen Mark Sweeney forentseak.
«Animalia hilak ere nonahi daude. Badirudi lehergailu nuklear bat erori dela, Hiroshimaren antza hartzen ari baita», aipatu zuen lekuko batek.
Hegoaldeko Victoria eta Nueva Gales del Sur estatuetan kiskalitako etxeak eta hektareak 750 eta 340.000 dira, hurrenez hurren. Victorian, esaterako, 28 sute itzali gabe zeuden atzo. Jendea bizi den hiru gune -Curchill hego-ekialdean, eta Beechworth eta Taggerty, ipar-ekialdean biak- arriskupean zeuden.
Defentsa Sailak lurreko, itsasoko eta aireko armadetako 200 soldadu bidali ditu inguru horretara suteak geldiarazteko lanetan jarduteko eta horretan ari diren 3.000 suhiltzaileei eta milaka boluntariori laguntzeko. Orain arte, 5.000 pertsonak ihes egin dute beren etxeetatik. Kefin Rudd lehen ministro australiarrak Armadak 600 kanpin-denda banatuko dituela esan zuen atzo telebistan. Gizarte zerbitzuak kaltetutakoei laguntza banatzen hasi dira.
«Ez dago egoera deskribatzeko hitzik. Erabili daitekeen bakarra hilketa da», salatu zuen.
Elkartasun kanpainak martxan dira. Australiako Federazioko gobernuek bai eta Zeelanda Berrikoak ere bat egin dute horiekin. «Hau hasiera besterik ez da. Victoriako herriari Australia berekin dagoela eta komunitateak berreraikiko ditugula esan nahi diet», esan zuen.
Bien bitartean, Victoria Estatuko lehen ministroak, John Brumbyk, ikerketa batzordeak suteen nondik norako guztiak aztertuko dituela eta «altxatu gabeko harririk ez» dela geldituko agindu zuen. Hala, suaren kontrako gobernu politikak berrikusiko dituzte.
Guztien ahotan dagoen galdera da zerk eragin duen horrelako hondamendia. «Australia munduko herrialde lehorrenetakoa da eta horrek suteak errazten ditu. Horri klima aldaketa gehitu behar zaio. Faktore horiek guztiek suteen iraupena eta indarra areagotu du», azaldu zuen Gari Morganek, Sidneyko Bushfire Cooperative ikerketa zentroko buruzagiak. Bere hitzetan, gertaturikoak «ikerketa zientifiko gehiago egin beharra» dagoela utzi du agerian.
Marco Adams suteetan adituak, larunbatean «sekula ikusi gabeko muturreko baldintza klimatikoak» zirela nabarmendu zuen. «Ez dute aurrekaririk», plazaratu zuen.
Tenperatura altuek, ezagutu gabeko lehorteak eta haize bolada indartsuek koktel arriskutsua osatu zuten asteburuan. Melbournen, adibidez, 47 gradu ziren. Otsaila izateko altuegia.
Paradoxikoki, Queensland estatuan, ipar-ekialdean, uholdeak dituzte duela hamar egun. Gizon bat hil da eta hiru pertsona desagertuta daude.
«Oraindik ez dugu froga nahikorik suteek eta uholdeek klima aldaketarekin lotura duten edo ez esateko. Baina, esku artean ditugun datu guztien arabera, datozen urteetan muturreko baldintza klimatikoak izango ditugu», eman zuen aditzera Adamsek.