GARA > Idatzia > > Ekonomia

Baionako ospitaleko larrialdietako «egoera larria» salatzeko greban dira langileak

p034_f02_91x100.jpg

Arantxa MANTEROLA |

Baionako ospitaleko larrialdi zerbitzuan lan egiten duten erizain, osasun-laguntzaile, zaindari, garbitzaile eta administrariak greban dira. Zerbitzu horretan diharduten langileek lanuztea egiten duten lehen aldia da. Larrialdien izaera beragatik gutxieneko zerbitzuak bermatzera behartuta daude eta han-hemenka jarritako afixak eta langileek soinean daramatzaten pegatinengatik ez balitz, egiaz, greban daudenik ez da antzematen.

«Hain da urria langile kopurua, ezin baitugu ezta gure greba eskubidea erabili ere», kexatzen ziren atzo arratsaldean lanorduz kanpo larrialdietako eraikinaren aitzinean bildutako langileak.

Ferraria eta «bi zaldikoa»

Hori da, hain zuzen ere, grebaren arrazoi nagusia: giza baliabideen falta. Eskasia hori are nabarmenagoa da iazko azaroaren 19an eraikin berrira igaro zirenetik. Eraikinaz eta azpiegiturez esatekorik ezer ez badute ere, langileak oso kexu dira: «Kanpotik begiratuta Ferrari bat daukagu, baina barnean «2 zaldikoa» bagenu bezala gaude, ez baitago, ezta urrutitik ere, behar adina erizain eta langile».

Baldintza horietan lan egiten ezin dutela jarraitu adierazi zuten ozen atzo: «Ezin baitugu behar bezalako arretarik eskaini eta larrialdietara etortzen diren gaixoen segurtasuna ezin dugu bermatu, ezta geurea ere».

Gabezia horiek direla-eta arreta jasotzeko itxaron beharreko denbora tarte luzeak eta zaintzaren hutsuneak, bestalde, erabiltzaileak haserrarazten ditu: «Erabat ulergarria izaki ere, oldarkortasun hori guk sufritzen dugu. Hainbat kasutan, lege-ardurak ere erizainen gain geratzen dira, zerbait larria gertatuz gero hari eskatuko baitiote erantzukizuna jagote ezagatik. Baina erizainak ezin du bi lekuetan batera izan».

Hutsune horiengatik egunero gertatzen diren hamaika adibide eman zituzten, esaterako, gauetan ospitaleko zerbitzu guztietarako zaintzaile bakar bat dagoela.

Abenduaren hasieran gutun bat helarazi zioten ospitaleko zuzendari Andre Piquemallesi bilkura eskatuz. Hilabete erantzunik jaso gabe eman ondoren, hitzordua lortu dute biharko.

Larrialdietako eta beste zerbitzuetako hainbat sendagilek ere bat egin dute langileen eskakizunekin eta beren elkartasuna adierazi diete.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo