GARA > Idatzia > > Kultura

Arzak eta Aduriz Tokion dira, Japoniako gastronomiaren teknika eta sekretu bila

GARA | TOKIO

Joan Mari Arzak eta Andoni Luis Aduriz sukaldariak Tokion dira atzo hasi zen «Tokyo Taste» kongresuan. Munduko zortzi herrialdetatik iritsitako 21 sukaldari onenen artean, eurekin da Ferran Adria kataluniarra ere. Hitzordu honen helburua Japoniako gastronomia «konplexu eta delikatua» sustatzea da. Hiru sukaldari hauek Japoniarekin maiteminduta daudela adierazi dute eta bertan egongo dira bihar arte. Japoniako teknika eta osagaiak bertatik bertara ezagutzeaz gain, sukaldari bakoitzak bere errezetak aurkeztuko ditu. Adriaren esanetan, «sukaldaritza honen sentikortasunaren luxua, gastronomia munduan etortzeko dagoen iraultza izan liteke».

Tokio mundu osoan Michelin izar gehien dituen hiriburua da, 227 hain zuzen. Bertako sukaldaritzaren sinpletasuna eta fintasuna dira, sukaldari atzerritarren esanetan, gastronomia mota hau hain berezi bihurtzen dutenak, lehen mailako osagai eta bezeroenganako arreta dotoreaz gain. Aipatutako hiru sukaldariekin batera, mundu osotik heldutako izen handiko «maisuz» bete da Japoniako hiriburua. Bertan dira, esaterako, Joël Robuchon frantziarra, Massimiliano Alajmo italiarra edota Heston Blumenthal britainiarra. Kongresua Hattori sukaldari eskola entzutetsuak antolatu du eta hiru egunetan zehar, hainbat tailerren eta hitzaldien bidez, mundu zabaleko chef garrantzitsuenek bertako sukaldaritzarekin duten harremana azalduko dute. Kongresuak oraingoz arrakasta ukaezina izan du. Tokyo International Forum-en milatik gora dira egunero eserlekuak bete dituzten japoniarrak. Gehienak boligrafoa eta koadernoa eskutan dutela hurbildu dira gainera, aholku guztiak ongi jasotzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo