Unibertsitateak «pribatizatzeko» arriskua ozenki salatzen hasi dira
«Unibertsitateen autonomia» izeneko legeak (LRU) kezka ugari eragin du unibertsitateetan. Lege horren bidez, egoitzak eta langileria unibertsitateen kudeaketapean jarriko dira. Dirua biltzeko unibertsitateak enpresekin kontratuak egitera behartuko dituenez, pribatizazio arriskua salatu dute sindikatuek. Lanpostu murrizketak direla-eta, irakasle-ikerlarien estatutua hankaz gora jartzeko asmoa dute. Irakasle eta ikerlariek greba administratiboak abiatu dituzte.
Ainize BUTRON | BAIONA
«Unibertsitateen ardura eta askatasuna» (LRU) du izenburu Estatu frantseseko unibertsitateen funtzionamendua erreformatzea xede duen legeak. 2007an bozkatu zen, eta iragan urtarrilaren 1ean jarri zen indarrean. Lege berri horren bidez, unibertsitateei autonomia gehiago eman nahi zaie, lehen Gobernuaren manupean zeuden ondarea eta langileria alorrak beren gain utziz. Aurrekontua unibertsitateek beraiek kudeatzeko ahala ematen du, izan ere.
Indarrean jarri dela-eta, azken asteotan aipatu legearen aurkako kolektibo eta mugimendu ugari sortu da Estatu frantseseko unibertsitateetan. Greba administratiboak ugaritzen hasi dira, eta ikerlarien mugimenduak areagotzen ari dira. Orain arte tradizioz sekula mobilizatu ez diren unibertsitateek lege horren aurkako borrokari ekin diote, horien artean, Baionako campusak. Joan den ostegunean, langile, ikasle, irakasle eta ikerlariak biltzar nagusi bat egin zuten. Kolektibo bat osatzeaz gain, gaur Estatu frantses osoan greba eguna dela-eta, borrokarekin bat egitea erabaki zuten bertan. Horrela, beste hainbat unibertsitatetan egin izan den bezala, Baionan, gaurtik aitzina greba administratiboa abian jarri dute. Bestalde, LRU legearen aurkako ekintzak ere martxan jarriko dituzte.
«Baionako unibertsitatean hartutako erabaki hori historikoa da, ez baita campus horretan sekula ez grebarik ez mobilizaziorik izan», goraipatu zuen kolektiboko kide Ur Apalategi literatura irakasle eta ikerlariak. Baionako campusa lege berriak unibertsitateetan sortu duen ezinegonaren eta kezkaren adierazle da, beraz.
Maila ezberdinak
Unibertsitateetako zuzendariek egindako eskaera baten ondorio da autonomia lege berria. Gobernuak legea finkatu zuelarik hiru xede plazaratu zituen: unibertsitateak erakargarriak egin, egungo kudeaketak sortzen dituen paralisi egoeratik atera, eta, ikerketa nazioarte mailan erakusgarriago bilakarazi.
«Lege horren bidez unibertsitatea konkurrentziaren sisteman sartu nahi da. Diru zama banatzeko orduan, potoloenek pastel zati handiena hartuko dute, eta besteak deus gabe utziko dituzte. Maila ezberdinetako unibertsitateak sortuko dira», gehitu zuen Apalategik.
Herve Thepault CGT sindikatuko kideak eta Baionako unibertsitateko teknika langileak, bestalde, lege hori unibertsitateak «pribatizatzeko» Gobernuak duen xedearen ondorioa baizik ez dela adierazi du.
Bere ustez, pribatizazio hori bi zutoin nagusi ditu berme: unibertsitatean dagoen funtzionario kopurua eta Gobernuaren diru eskaintza murriztea. «Gutxika, eraikinak kudeatu ahal izateko, unibertsitateak dirua enpresa pribatuei eskatzera behartuak izango dira», nabarmendu zuen sindikatuko kideak. Unibertsitateari aurrekontua eskaintzeko orduan bi irizpide nagusi finkatu ditu Gobernuak: ikasle kopurua eta unibertsitatearen emaitzak.
«Lurraldetasun irizpideak ez dira kontuan hartuak, ez eta unibertsitatean dagoen irakaskuntza eskaintza ere. Eskualdearen kudeaketapean jarriz, zerbitzu publikoan barnatua dagoen berdintasun printzipioa hankaz gora jarriko dute. Eskualde guztiek ez dituzte maila bereko aberastasunak, beraz, horrek nahi ala ez desorekak sortuko ditu», gaineratu zuen.
LRU legeak, beraz, unibertsitatearen egungo funtzionamendua errotik hautsiko duela ohartarazi dute sindikatuko kide eta unibertsitateko ordezkariek. Eskualdeen kudeaketak unibertsitateen artean sortuko dituen desoreketatik at, LRU legeak beste hainbat atal biltzen ditu.
«LRU legeak hainbat erreforma bultzatzen ditu», argitu zuen Apalategik. Eta, horien artean, ikerkuntzari dagokiona da kezka gehien sortzen duena.
Irakasle-ikerlariak desagertzea
Emaitzen beharra eta diru xahutzearen aitzakiak harturik, Gobernu frantsesak irakasle ikerlarien estatutua erreformatzeari ekin dio. Eta, horretarako irakasle gehienei irakaskuntza orduak emendatu nahi dizkiete, ikerkuntzarako baliatzen dituzten ordu gehigarriak baztertzera behartuz. «Lanpostu murriztearekin bat dator xede hori. Aurreztu beharra aipatzen digute. Eta, lanpostuak murriztu orduko geratzen diren irakasleak bete beharko dituzte lan ordu horiek. Gure ordutegia ikerketa eta irakaskuntzaren artean banatzen dugu. Beraz, lehen atalerako denbora gutxiago izango dugu», nabarmendu zuen. Ikerkuntza kenduta irakaskuntzaren kalitateak atzerapausoa emango du.
«Irakasle soilak izatea nahi dute. Horrek irakaskuntzaren kalitatea suntsitzea du ondorio. Unibertsitateetako irakasleen lana interesgarria da ikerkuntzan lan egiten dutelako. Eskolak emateko orduan ez dugu testulibururik. Gu jakintasun egile gara», argitu zuen. LRU legeak, unibertsitateetako irakasleen ustez, ikerkuntza bera itotzea du helburu. «Itotze hori masiboa eta bat-batekoa izango da», esan zuen.
Baionako unibertsitateko joan den osteguneko bilkuran hitzetatik ekintzetara igarotzeko beharra nabarmendu zen. Horretarako, gaur, bertan, greba egunaren karietara, ekintza bat eginen dute Baiona txikia auzoan kokatua dagoen campusetik hurbil. Ordu biak eta laurak artean, kalean bilduko dira ikasle eta irakasleak eskola eman eta jasotzera.
Fakultatearekin batera, IUT (Institutu Teknologiko Unibertsitarioa) greban da azken egunetan, beti ere LRU legearen aurka. Gaur goizean, eskola ireki bat eginen dute Baionako Herriko Etxearen aitzinean.
Bestalde, atzo, Baionako unibertsitateari lotua dagoen Paueko fakultatean biltzar orokor bat egin zuten. «Fakultateko zuzendariak grebarekin bat egitea erabaki du, eta, `egun banalizatua' egitea erabaki du. Hori eginez langile guztiak biltzar nagusi eta ekintzetan parte hartzera deitzen ditu», argitu zuen Thepaultek. Gaurko ekintzaren bidez Gobernuak legea bertan behera utziko duela uste dute unibertsitateko langile eta irakasle gehienek.
Unibertsitateen LRU legearen gibelean, ikerketa bere osotasunean hankaz gora jarri nahi du Gobernu frantsesak. Hala diote bederen ikerlariek sorturiko Sauvons la Recherche kolektiboko kideek. «Unibertsitateetan dauden ikerkuntza laborategiak nahasiak dira. CNRS ikerlariak eta irakasle-ikerlariak badira. LRUk eragin zuzena du gugan», argitu zuen David Lannes ikerlariak. Baina, unibertsitateen funtzionamendua erreformatzea helburu duen LRU legetik at, CNRSren barnean ere erreformak abiatu dira. «Goi mailako CNRS taldeak osatu dituzte. Eta, ikerkuntza gaiak moldatu dituzte. Horrela, biologia edo informatika sailak, esaterako, CNRStik kanpo jarriak izan dira», argitu zuen berriz.
Dagoeneko CNRS egituraren desagertzea ez dago aipatua. Baina, xede hori Estatu frantseseko lehendakari Nicolas Sarkozyk behin baino gehiagotan azaldu du.
Horregatik, ikerlariek argi dute Gobernuak zentro hori «pikutara bidali» nahi duela. «Gobernuak CNRS desagerrarazteko xedea aipatu izan duenean, ekonomikoki ez dela bideragarria aitzakia agertu du», salatu zuen Ur Apalategik. Sauvons la recherche kolektiboaren bidez Estatu frantseseko milaka ikerlarik beren ezadostasuna azaldu dute, jadanik, lege proiektu horiei begira. Dagoeneko protestak gehienbat greba administratiboen bidez bideratu dituzte. Eta, azken egunotan, Estatu frantseseko hainbat herritan manifestazioak ere egin dituzte. CNRS desagertuz gero, ikerkuntza agentzien bidez bideratzeko asmoa du Gobernuak.
Baionako unibertsitateak irakasle gutxi biltzen ditu, baina LRU legearen aurkako mobilizazioarekin bat egitea erabaki du. Gaur, protesta gisa, kalean eskola ireki bat egitea erabaki dute eta, horrez gain, greba administratiboa abiatu dute.
LRU legeak unibertsitatearen funtzionamendua bere osotasunean aldatzea du helburu. Legearen bidez, esate baterako, irakasle-ikerlarien estatutua desagerrarazi nahi da, irakasle soilak bilakaraziz.
Paueko unibertsitateko zuzendariak, beste hainbatek bezala, borroka egunarekin bat egitea erabaki du, eta gaurko grebaren kariaz, eguna banalizatua izango zela esan du. Hala, langile guztiak eginen diren ekintza eta bilkuretan parte hartzera deitu ditu.