Mikel Aramendi Kazetaria
Zergatik ez ote dute Gromov gonbidatu?
Zein aproposagorik Afganistan okupatzearen arazoez (batez ere militarrez) jakinaren gainean hitz egiteko? 1980ko hamarkadaren parterik handiena Afganistanen eman zuen Gromovek, hainbat betekizunetan
Bataioz mozorrotutako hileta izan da Munich Conference on Security Policy-ren aurtengo bilkura. 1962an sortu zenez geroztik, otsailero bezala, hirurehun eta koska agintari, aditu, kazetari... elkartu dira Bavariako hiriburuko Bayerischer Hof hotelean, «munduaren segurtasun erronka nagusiez» hitz egin eta ikuspuntuak trukatzeko, «Frieden durch Dialog» goiburu handiosaren pean. Gonbidatu gehienak, noski, NATOko herrialdeetakoak ohi ziren. Baina aldian-aldian agertzen dira bestelakoak ere: duela bi urte, esaterako, hantxe egin zituen Putinek adierazpen argigarriak. Horregatik harritu nau oraingoan Boris Gromov gonbidatu ez izanak.
Aurten, noski, Obamaren Segurtasun Politika hausnartzea tokatzen zen, edo behintzat haren asmoak eta irizpideak ezagutzea. Gehienera, Bushen politika ehorztea besterik egin ez bada ere. Afganistandik hasita, jarraiera alfabetikoak ere hala agintzen duelako. Edonola ere, hantxe agertu dira ia goreneko arduradun estatubatuar guztiak, Biden lehendakariordea buru dutela: James L. Jones, lau izarreko marine jenerala, eta Obamaren Segurtasun aholkularia egun; David H. Petraeus, beste lau izarren jabea, egungo USCC komandante-burua eta, beraz, «Afganistango erregeordea»; eta Richard Holbrooke, izarrik gabeko giza-tankea, Obamaren ordezkari berezia Afganistan eta Pakistanerako. Lehen mailako ordezkaritza honen loroaren papera egiteko-edo, han zen Hamid Karzai lehendakari afganistandarra ere. Harekin iskanbilarik ez izateko utziko zuten Gromov gonbidapenik gabe, agian.
Gainerakoan, erabili duten gairako, aukera-aukerakoa zutelako Boris Vsevolodovitx, lau izarreko jenerala hau ere. Zein aproposagorik Afganistan okupatzearen arazoez (batez ere militarrez) jakinaren gainean hitz egiteko? 1980ko hamarkadaren parterik handiena Afganistanen eman zuen Gromovek, hainbat betekizunetan; azkenean, 1988-89an, 40. Armada Sobietarraren komandante-burua zen: egun, estatubatuarren aldetik, Petraeusek duen arduraren parekoa zuena. Orduantxe lortu zuen betiko ospea Gromov jeneralak: datorren igandean beteko dira 20 urte, Afganistango Jeyretanetik orduan oraindik SESBekoa zen Uzbekistango Termezerako bidean, muga egiten zuen eta duen Amu Daria ibaiaren gaineko Adiskidantzaren Zubia zeharkatu zuenetik. Bere soldaduetako azkenaren atzetik, oinez. Hamar urteko esku-hartze militarraren amaiera fotogeniko bezain etsigarria izan zen. Gero, berehala, etorriko ziren ondorioak Sobietar Batasunean ere.
Ez da alferrik galdu Gromov harrez geroztiko Errusian. 1990eko hamarkada iskanbilatsuan hainbat ardura politiko-militar izan ondoren, bederatzi urte daramatza Moskuko oblast-eko gobernadore karguan, gero eta gehiengo zabalagoak erdietsiz hauteskundeetan. Aukera ematen zaion bakoitzean, hala ere, Afganistango gorabeherei buruz hitz egiten du. Jakin, zerbait badakielako hartaz.
Adibidez, duela lau urte, Alemanian bertan, Gromovek ozenki gomendatu zion NATOri serioski pentsa zezala talibanak diruz erosten hasteko aukera. Orduan oraindik asko falta zen Petraeus Iraken horixe bera egiten has zedin.