GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Hizkuntza kexak jasotzeko buzoiak jarri dituzte Usurbilen

Iragan maiatzean UEMAk eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak adostutako hitzarmena medio, hainbat udalerritan buzoiak jarri dituzte euskal hiztunen kexak jasotzeko. Usurbilen aurrerantzean lau gunetan izango dute herritarrek aukera. Urraketak hainbat alorretan gertatzen dira eta «zoritxarrez oraindik ere beharrezkoak dira honelako tresnak».

Maider EIZMENDI |

Udaletxean, «Noaua!» aldizkariaren egoitzan, Sutegi kultur etxean eta Urbil merkatal zentroan. Aurrerantzean euskal hiztunek hizkuntz eskubideen urraketen inguruan dituzten kexak plazaratzeko bideak jarri ditu Usurbilgo Udalak. UEMA eta Behatokiaren arteko hitzarmenaren ondorio den ekimena aurkezteko agerraldia egin zuten atzo aipatu merkataritza zentroan Xabier Mikel Errekondo alkateak, UEMAko Iñaki Arregik, Behatokiko Paul Bilbaok, Oiartzungo Udaleko Jabi Elizasuk eta «Noaua!» aldizkariko ordezkari Alaitz Aizpuruak.

UEMAko ordezkariak gogora ekarri zuen, agintariek hizkuntza eskubideak aitortzen dituztela, baina horiek bermatu ere egin behar direla, «eta horretan oraindik ere ez gabiltza oso fin». Behatokiko Paul Bilbaok gogora ekarri zuen UEMArekin lortutako hitzarmenari esker, dagoeneko hogei bat herritan jarri dituztela kexak jasotzeko postontziak, tartean Oiartzunen. Agerraldia Urbil merkataritza gunean egitea ere ez zela kasualitatea izan nabarmendu zuen Bilbaok. «Kontsumitzaileok eskubideak ditugu hainbat alorretan, baina baita hizkuntzari dagozkionak ere, eta horiek ez dira beti errespetatzen, merkataritza gunean itzuli bat egitea nahikoa da ohartzeko».

Era berean, herritarrak euren kexak jakinaraztera animatu zituen. «Guk kexa horiek dagokionari helarazten dizkiogu eta berriz gerta ez daitezen neurriak hartzeko eskatzen diegu», azaldu zuen. «Jarrera aktiboa hartzeko» eskatu zuen halaber, «Noaua» aldizkariko ordezkariak. «Maiz, beroan, ingurukoei kontatzen diegu gertatu zaiguna, baina gero ez dugu ezer egiten; orain, kexa horiek bideratzeko modua izango dugu».

«Tamalez, oraindik behar dira»

Xabier Mikel Errekondo alkateak, Usurbil «harrotasunez udalerri euskalduna» dela aldarrikatu, baina oraindik orain hiz- kuntza arazoak eta eskubide urraketak badirela onartu zuen. «Zoritxarrez, horrelako tresnak jarri behar dira, oraindik ere urraketak eta kexak badirelako: medikuaren kontsultan gaztelaniaz mintzatzeko eskatzen digute, informazio komertziala gaztelania hutsean bidaltzen digu- te...», zehaztu zuen.

Horiei aurre egiteko, herritarrei zein Usurbilera etortzen direnei, euskara sentitzeaz harago, jarrera aktiboa izan dezaten eskatu zien. Postontziez gain, kexa telefonoz ere jartzea badago, bai Udaleko Euskara Zerbitzuan, bai eta Euskararen Telefonoan ere.

inprimakia

Kexa jartzeko prozedura erraza da. Postontzien ondoan zailtasunik gabe bete daitezkeen inprimakiak izango dira. Hala ere, Euskara Zerbitzuak laguntza emango du zalantzaren bat izanez gero.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo