GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Sonia Gonzalez sagarroiak@gmail.com

Sentsazio arraroak

Norbait etxera bueltatu da urteetan Espainia aldean bahituta egon ostean. Dena da poza, nahiz eta amorrua ere bai. Milaka eta milaka bizitza gutxi batzuen apeta mespretxagarrien menpe banatu, urrundu eta mutilatu egin dituztelako. Dena da poza, baina tristura ere bai

Iragana eta oraina momentu batez lotzen direnean, edozelako sentsazioak etorri ahal zaizkigu gogora. Ikusi besterik ez dago Proustek zelan topatu zuen galdutako denbora guztia madalena soil batean... Baina gaurko honetan ez dut gomutetara jo gura, baizik eta iragan eta orain horien artean luzatzen edo laburtzen diren zubi bitxietara. Esaterako, demagun gaixotasunen baten ondorioz norbaitek ikusmena galtzen duela. Lagun honek, hainbat urte itsu eman ondoren, entzumena trebatu, atzamarrekin irakurtzen ikasi, usaimena garatu ostean, egun batean aukera dauka medikuaren eskuetatik pasaturik, berriro ikusi ahal izateko. Sentsazio arraroa izan behar da. Arraroa baina ezaguna. Nahiz eta gaixotasun hura milaka eta milaka bider madarikatu izan, koloreak berriro ikustera hain erraza eta arina izan behar du ohitzeak, ezen iluntasun sasoiak ere, ahazteraino, denboran lausotu behar baitira.

Edo, demagun, aspaldiko kanta bat, duela urte askotako kanta bat, kasualitatez entzuten dugula egun batean, gutxien espero eta ia ahaztuta geneukala uste dugunean. Sentsazio arraroa izan behar da hau ere. Gaztetan hainbeste eta hainbestetan errepikatutako kanta horrek momentuan zirrara sortzen digu gorputzean. Badirudi nota eta berba horiek bizia bestela bizitzen genueneko sasoi hartara eroateko gai direla... baina ez. Abesti horrek ez du jadanik gauza bera esaten. Ez da hobea, ezta txarragoa ere, ezberdina baizik. Zerbait diferentea esaten du, honezkero diferenteak garen neurrian, zerbait diferentea esan behar digulako. Ezinbestean.

Norbait etxera bueltatu da urteetan Espainia aldean bahituta egon ostean. Dena da poza, nahiz eta amorrua ere bai. Milaka eta milaka bizitza gutxi batzuen apeta mespretxagarrien menpe banatu, urrundu eta mutilatu egin dituztelako. Dena da poza, baina tristura ere bai. Bizitza horiek guztiek bestelako bizimodua egin beharko lukete, hemen, berton, familiekin, lagunekin, maitatzen eta negar egiten, ikasten edo lanean, paseatzen, mozkortzen eta ohea zein mahaia konpartitzen, baina ezin, mendekuen menpe eten dituztelako. Dena da poza, baina urduritasuna ere bai. Betikoak, betiko moduan eta betikoen betiko aginduei jarraiki, poztasun hori ere bahitzeko agertu ahal direlako, armaturik, mehatxuka eta beltzezko.

Sentsazio arraroa da. Bat-batean, egun batetik bestera, ematen du dena dagoela berdin: kale eta taberna berberak, aurpegi berberak, lehengo pertsona berbera barraren leku berberean, betiko moduan barre egiten eta berbetan. Denbora pasatu izan ez balitz legez irudiak eta bromak kontu kontari errepikatzen direla iruditzen zaigu. Une batez dena dagoela berdin baieztatuko genuke, zalantza izpirik gabe. Baina errealitatea da denbora bai pasatu dela eta gauza hauek guztiak, denak lehengo antzekoak izan arren, ez direla berdin. Ezin dira inolaz ere berdin izan.

Sentsazio hauek gutako askok ondo ezagutzen ditugu, gutako askoren bizitzak horrela zulatuta baitaude, iragan eta orainaren arteko zubia ere zulatuta dagoenez gero. Zulo beltz hori lapurtutako momentuak dira. Inora joan ez diren momentuak, baina berez existitu izan direnak. Zeren eta gure bizitzetatik ostu izan arren, zorionez edo zoritxarrez, gure bizitzen parte bihurtu baitira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo