GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Euskalduntzea ziurtatzeko eredu bakar hura non den galdetu dute

Amaitu berri den legealdirako Lakuak agindutako «euskaldunduko duen eredu bakarra» non ote dagoen itaundu du Eskolak Euskaldundu herri ekimenak, matrikulazio epea ireki berritan, eta ohartarazi du hirukoa «iruzur bikoitza» egiten ari dela. Herritarrei, aldiz, D ereduaren alde egiteko eta matrikulazio garaian «iruzur eta erasoak» salatzeko deia egin diete.

p022_f01_011x111.jpg

GARA |

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetan matrikulazio epea zabaltzearekin batera iritsi dira lehen aldarrikapenak gurera. Hezkuntzaren inguruko makina bat elkarte biltzen dituen Eskolak Euskaldundu herri ekimenak agerraldia egin zuen atzo, Bilbon, Euskal Herrian «inposatuak diren» hezkuntza sistemetan euskarak duen egoera «makurra» salatzeko eta bide batez, matrikulazio garaia «aldarrikapenerako garaia» dela ohartarazteko.

Gurasoei euren haurrak D ereduan matrikulatzeko gomendioa egitearekin batera, datozen egunetan «iruzur eta erasoei» erantzuteko antolatuko dituzten mobilizazioetan parte hartzeko gonbita egin zieten.

Aurtengo matrikulazio kanpainak, berria izan arren, «aje zaharrak» dituela esan zuen LABeko kide Lierni Altunak; oraingoan ere, «aukeratzeko eskubideak euskaldundua izateko eskubidea jango duelako». Gurasoen aukeratzeko eskubidearen «gainetik», ikasleek Euskal Herriko berezko hizkuntza ezagutzeko eskubideak legez arauturik egon beharko lukeela deritzo ekimenak.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan matrikulazio kanpaina hauteskunde kanpainarekin batera datorrela gogora ekarri zuen Altunak, eta hiruko Gobernuaren legealdian «promesa» zena eta hauteskunde programak hizpide, galdetu zuen ikasle guztiak euskaldundu behar dituen hizkuntza eredu bakar hori non ote dagoen.

Lau urteren buruan legerik ere ez dagoela salatu, eta azken 26 urteetako balantzea mahai-gaineratu zuen. Euren esanetan, urtero ikasleriaren erdiak euskara ezagutu gabe amaitzen du eskolatze aldia eta hortaz, azken 26 urteetan 400.000 ikasle kaltetu zenbatzen ditu ekimenak.

Indarrean dagoen hizkuntza ereduen politikak «legea bera urratzen duela» salatu zuten gogor, ikasle orok euskara eta gaztelania menperatu behar lukeela esaten baitu legeak. Horiek horrela, Tontxu Camposen Hezkuntza Sailak eta Lakuak «iruzur bikoitza» egiten dutela deritzote: beraien legeak bete ez eta, hauteskunde garaietako promesa eta programetako hitzak «jan».

Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako egoera ere hizpide izan zuten prentsaurrekoan, hiru herrialdeotan ikasleak matrikulatzeko aukera urte osoan egon arren. Gobernu frantsesak sortutako Euskararen Erakunde Publikoak bultzatutako politikek «eragin hutsala» dutela nabarmendu zuten. Eta, Sarkozyren Gobernuak hezkuntza «eskubide gisa baino, negozio gisa» hartzen duela salatu, eta pribatizazioari bide emanez hartutako azken neurriak gogora ekarri zituzten, hala nola Seaskako ikastolek pairatutako irakasle taldeko lanpostuen murrizketa.

Bidasoa iparraldean, «mozorroen gainetik, etnozidio kultural eta linguistikoak» aurrera egiten duela deritzo Eskolak Euskaldundu ekimenak, eta honen aurka, euskara berreskuratzeko politikak lortu behar direla sustengatu zuen, «euskararen ofizialtasuna galdeginez eta ikastetxeetan murgiltze ereduak aplikatuz».

Nafarroan ordea, euskara «kolpatzen duten bitartean Euskarabidearekin marketina egiteko ahalegina» egingo zutelakoan zeuden herri ekimeneko kideak, baina Perez-Nievas hezkuntza kontseilariaren politikek «marketinari ere toki gutxi» uzten diotela azaldu zuten.

Euskara bigarren mailako hizkuntzatzat hartzetik, nafar Gobernuaren ahaleginez hirugarren maila batean koka dezaketen beldur da herri ekimena; Hello Haur Eskola eta TIL-en bidez, gaztelania eta ingelesa derrigorrezko bilakatuko dira, euskarak hautazkoa izaten jarraituko duen bitartean -eta bakarrik eremu batzuetan-.

Euskal Herriko erradiografia egin ostean, euskararen egoera «benetan makurra» dela ohartarazi zuten. Herri ekimenak, ordea, badu egoera honi aurre egingo dion irtenbidea, eta hori euskarari eta euskal kulturari lehentasuna emango dion Hezkuntza Sistema Nazionala dela adierazi zuen.

txaloak

Euskararen egoera makurra den arren, euskara hezkuntzara eramateko ahaleginean ikasle, irakasle, guraso eta herritar ugarik egindako lana txalotu zuen Eskola Euskaldundu ekimenak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo