GARA > Idatzia > > Kultura

Eszenak

Arriaga Antzokiaren ekoizpen propioko «Emma» antzezlanerako lehen entseguak hasi dituzte

«Emma. La mujer más peligrosa de América» antzezlana Ramon Bareak zuzenduko du eta Toni Acostak emango dio bizia emakumeen independentzia aldarrikatzen lehenetarikoa izan zen Emma Goldmani.

p058_f01_96x80.jpg

GARA | BILBO

Dagoeneko hasi dituzte Arriaga Antzokiak aurten ekoiztuko duen antzezlan bakarrerako entseguak. Ramon Barea bilbotarrak beteko ditu zuzendari lanak eta Toni Acosta tenerifearra izango da protagonista. Gainerako aktore-multzoa Karra Elejaldek, Aitor Mazok, Gurutze Beitiak, Irene Bauk, Enriqueta Vegak, Mikel Losadak eta Gabriel Ocinak osatuko dute.

«Emma» Howard Zinn dramaturgoak idatzi zuen, Emma Goldman benetako pertsonaiaren istorioan oinarrituta. Emakumeen independentzia aldarrikatzen eta borrokatzen zuen lehenetariko emakumea izan zen. 1869an jaio zen Lituanian, familia judu batean, eta New Yorkera alde egin behar izan zuen. Bertan mugimendu anarkistan murgildu eta 1919an, AEBetatik kanporatua izan zen. Anarkismoaren militante sutsu, errusiar iraultzarekiko oso kritiko eta feminista izan zen. Begi bistakoa da garai hartarako emakume aurrerakoia izan zela eta horrek ondorio latzak ekarri zizkion, kartzela zigorrak barne. Europan bizi izan zen urte batzuetan, eta Kanadan hil zen 1940. urtean.

Howard Zinn AEBetako istorio idazle garrantzitsuenetakoa da. Buru-belarri aritu da azken hamarkadetako une politiko eta sozial esanguratsuetan, eta une horietako kronista handi gisa miresteaz gain, ahots politiko eta etiko errespetatuenetarikoa izan da.

Bilboko Arriaga Antzokiak aurten eskainiko dituen bost ekoizpen propioetatik hauxe da antzezlan bakarra. Estreinaldia martxoaren 12an izango da eta hilaren 16ra arte egongo da ikusgai.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo