GARA > Idatzia > > Kultura

Eszenak

Mugaz bestaldeko malkoak

Dorleta URRETABIZKAIA | Aktorea eta idazlea

Hamahirua berriz ere, baina ostirala oraingo honetan, eta ostirala izaki, eskailerak azpitik zeharkatu eta katu beltzak begiratu ditzakegu inolako beldurrik izan gabe, madarikatuok, madarikazioaren madarikaziotik salbu baikaude. Haize bortitzak Paco Ibañezen Apakuntza baserriko kantu zaharrak urrunera eraman badizkigu ere, Adunako euskara zaharraren kantua azalean geratu zaigu betiko inauterien berri ematen diguten kaldereroen zartagin kolpe eta soinu berriekin nahastuaz. Gertu dago, mozorroak armairutik atera eta norberak bere bizitza antzerki bilakatzeko unea. Haizeak epeltasuna ere ekarri digu, sexu beroaren usaina. Kursaal erotikotasun eta sexuz betea izan baitugu egunotan. Eta berotasunak eragiten duen berezko pozarekin batera, gara egunkariak ere, hamar urte bete ditu, zorionak, eta antza denez, Bilboko Kafe Antzokiak ere, tipi-tapa aurrera egingo du. Hamahirugarren ostiral honetan, beraz, badira inauteriak gogoz ospatzeko hainbat arrazoi, kultura arloan behintzat.

Joan den asteburuan Corsario konpainiaren «Aullidos» lanaz gozatzeko aukera izan genuen Lugaritzen. 1982. urtean sorturiko talde honen lanak ikustea gozagarria izaten da beti, eta oraingo honetan ere, loti ederraren ipuinean oinarrituta, errealismoz, erotismoz, maitasunez eta bortizkeriaz beteriko txotxongilo lan bikaina ikusteko aukera izan dugu. Baina gatozen geurera, hemen ere, sukaldeko suak gori-gorian baitaude, publikoari gustuko gertatuko zaion plater bikainak prestatzen. Eta hilaren hamahiru honetan, plater berri batez gozatzeko aukera izango dugu Antzoki Zaharrean. Txalo konpainiak euskaraz prestaturiko Edward Albee aski ezagunaren «Ahuntza edo Nor da Silvia?»antzezlana. Hainbat leku eta hizkuntza desberdinetan taularatutako antzezlan honek, giza izaera, modu suntsitzaile, absurdu eta probokatzailean aztertzen du. Eta horretarako guztion zalantza batez baliatuko da: Egia ote da maitasunak ez duela adin, arraza ezta inolako muga posiblerik ere?...

Ahuntzez ari naizela, ardiak datozkit gogora, eta ardiekin... San Valentin eguna. Maitasuna guztiok egun berean ospatu behar dugun eguna. Eta honekin batera, Paco Ibañezen hitzak: «El enemigo, es la globalización, la uniformidad». Gizartea artalde bilakatu nahi honetan, guztiok, nahitaez, maitasuna egun berean ospatu behar dugun egun honetan, badago ihes egiteko aukerarik. Markeliñe taldearen «Terapia» antzezlana Jareñon izango baitugu, lore eta opari egun masifikatu honetan. Eta ba ote dago maitasuna adierazteko antzokira joatea baino modu hoberik?

Eta inauteri egunekin bat eginez, ikuskizun koloretsu eta indartsu bat ikusteko aukera izango dugu Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Els Joglars talde kataluniarraren azken lana, «La Cena». Eta urrezko ezteiak ospatzeko ezer gutxi geratzen zaion Albert Boadellaren talde hau, aldaketa klimatikoaz baliatuko da boteretsuen gezurra agirian utzi eta mutuen ahotsari leku egiteko. Eta zaharra eraman eta berria dakarren haize bortitzeko egun hauetan, badago haizeak bere magalean eramaterik izango ez duen zerbait. Aurten ikuskizunez beterik datorren Korrika.

 

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo