GARA > Idatzia > Kirolak > Bruesa

Derbi erabakigarria Illunben

Asko irabazteko batek, baina gehiago galtzeko besteak

Iurbentiak irabazi beharra du denboraldi amaierako kanporaketetara sailkatzeko borrokan sartzeko eta Bruesa zuloan sartuko da garaipena lortzen ez badu

p048_f02_148x104.jpg

BRUESA-IURBENTIA

Koldo AKORDARREMENTERIA | DONOSTIA

Hurbil eta aldi berean urruti. Halaxe daude Iurbentia eta Bruesa. Izan ere, bien artean postu bakarra egon arren, bizkaitarrek hiru puntu gehiago dituzte sailkapen nagusian. Hori dela eta, gaurko norgehiagoka oso garrantzitsua da etorkizunera begira: Vidorretaren taldeak garaipena lortuz gero, zuloa asko handituko litzake bi taldeen artean eta egoera asko okertuko litzateke gipuzkoarrentzat.

Horrez gain, asteburu honetan sailkapenaren azken postuetan dauden taldeek jokatuko dituzten partidek -Estudiantesek Cai Zaragozaren aurka jokatuko du eta Menorcak Kalise hartuko du etxean- larritasun gehiago txerta diezaiokete gipuzkoarren egoerari. Izan ere, garbi dago beheko talde horietako batek behintzat irabazi egingo duela.

Pasa den astean Cajasolen aurka galdu ostean, Illunbek txistuka agurtu zituen etxeko jokalariak. Hori dela eta, Miguel Santos taldeko lehendakariak hitza hartu du astean zehar: «Gehiegizko ezkortasuna dago. Ez dugu ahaztu behar ACBra igo berriak garela, eta denok dugun helburua lortu nahi badugu, hobe denok taldea laguntzen badugu. Horretarako, noski, garaipenak ere heldu beharko dira», nabarmendu du talde gipuzkoarreko agintari nagusiak.

Sei partida jarraian galdu ostean, Pablo Laso bera ere egoeraren larritasunaren jabe egin da. Horren erakusle garbia dira gasteiztarraren hurrengo hitzak: «Iurbentiaren aurka irabaztea beharrezkoa da behingoz bolada txarrari galga jartzeko». Partida irabazteko Iurbentiaren defentsa gogorra agresibitatez eraso beharko dutela ere gaineratu du entrenatzaile arabarrak.

Vidorretak ere Bruesaren egoera zaila izan du hizpide, baina azkenerako iruzkin estatistiko bat utzita: «Behean dauden taldeek beti erreakzionatzen dute denboraldiaren azken herenean». Talde donostiarraren esperientziak beldurtzen du gehien Indautxukoa. «Roe, Hopkins eta Marconato bezalako jokalariak edozein momentutan ager daitezke, baina orokorrean talde osoa kontutan hartzeko modukoa da», nabarmendu du.

 

Giro bikaina espero da Donostian. Bilbora bidalitako 500 sarrerak azkar batean saldu ziren, eta Gipuzkoako taldearen bulegoetan ere erritmo bizia izan du sarreren salmentak azken egunetan.

OSPAKIZUNEN LEHIA

Marconato eta Urizentzat partida berezia izango da. ACBn 150. partida jokatuko du italiarrak eta 100. norgehiagoka Urizek. Iruindarrak, gainera, harro esan du bera dela «hiru euskal taldeetan jokatu duen gutxienetakoa».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo