Koxkako langileek enpresaren azken eskaintza bozkatuko dute gaur
GARA |
Koxkako langileek erreferenduma egingo dute gaur enpresak egindako azken eskaintzaren inguruan euren iritzia emateko.
Enplegua erregulatzeko txostenari buruzko negoziazioetan zuzendaritza eta enpresa-batzordearen arteko adostasunik lortu ez eta CCOO eta UGT sindikatuek bozketa onartu ostean eman zuten kontsulta egitearen erabakiaren berri. Sindikatuok afiliatuekin atzo egindako asanbladetan zuzendaritzak egin duen azken eskaintza bozketara eramatea erabaki zuten.
Koxkako enpresa-batzordea UGTko sei ordezkarik, CCOOko bostek, LABeko hiruk, ESKko bik eta ELAko batek osatzen dute.
Astelehenean, arratsaldeko lauretan, bildu ziren Koxka enpresako zuzendaritza eta enpresa-batzordea. Nafarroako Gobernuko Lan saileko ordezkari bat ere izan zen bileran, bitartekari lanak egiten. Enpresak 275 langile kaleratzeko aurkeztu duen enplegua erregulatzeko espedientearen inguruko adostasuna lortzea zuten helburu. Bilerak luze jo zuen arren -goizeko 02.30ean amaitu zen-, ez zuten akordiorik lortu.
«Jada ez da negoziaketarako tarterik gelditzen», esan zuen atzo CCOO sindikatuko Metal alorreko idazkari nagusi Jose Ramon Fernandezek.
Bi alderditan ageri dituzte desadostasun nagusiak enpresak eta batzordeak. Batetik, batzordeak espedientearen bidez Landabengo Koxka lantegitik kaleratu nahi dituen 191 pertsonak boluntarioak izatea aldarrikatzen du.
Enpresak, berriz, boluntario nahiko ez badago, kaleratuak egongo direla adierazi die. Eta, bestetik, kalte ordainketaren inguruan ere ez datoz bat, izan ere, batzordeak «gutxienez 14.000 euro» eskatzen ditu enpresa utziko duen langile bakoitzarentzat. Eskaera hori ere ez du onartu Koxka enpresako zuzendaritzak.