GARA > Idatzia > > Kultura

Topaguneak dirulaguntza kentzea erabaki politikoa ez ote den kezka du

Euskal Herriko laurogeita zortzi euskara elkarte biltzen dituen Topaguneak atzo salatu zuenez, aurten ez du eskuratuko Gipuzkoako Aldundiak urtero eman ohi dion diru-laguntza. Gertaera honek eraginda, Topagunearen sustapen lanek zein Kultur Errota egitasmoak murrizketak izango dituzte aurten. Gainera, Euskara Elkarteen Federazioak kezka agertu du Aldundiak ezarri nahi duen kultur eredua dela-eta; erabakia, antza, ez baitu egungo krisiak eraginda hartu.

p047_f01_199x116.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

Gipuzkoako Aldundiak aurten dirulaguntza ukatu diola salatu zuen atzo Euskal Herriko 88 euskara elkarte biltzen dituen Topaguneak, eta erabaki politikoa izan ez ote den kezka duela ere azaldu zuen.

Urtero berritzen zuten hitzarmen baten bitartez, 49.000 euroko dirulaguntza jaso izan du Topaguneak aurreko urteetan Kultura eta Euskara Sailetik. Kopuru horretatik 26.000 euro sustapen lana garatzeko (aholkularitza, prestakuntza, gogoeta lanak...) eta beste 23.000 Kultur Errota egitasmoa bultzatzeko erabili izan du Topaguneak atzo arte. Gaur, ordea, Maria Jesus Aranburuk zuzentzen duen sailak aurrera jarrai dezan ezinbesteko duen indarra kendu dio Kultur Errotari.

Topaguneko zuzendari Jasone Mendizabalen esanetan, hasiera batean Aldundiak erabakiaren arrazoitzat krisialdia aipatu bazuen ere, egitasmoari «singulartasuna falta» zaiola adierazi zieten Aldundiko arduradunek, diru-laguntza ukatzeko argudio gisa. Gainera, «herri txikiei zuzenean eskaini nahi dieten kultur zirkuitu propioa» aurreikusia dutela ere aitortu zieten Topaguneko kideei. Horrez gain, bileretan Kultur Errota aurrera eramateko diru-laguntzak eskatzeko bide guztiak itxita izango dituela esan eta Aldundiak sortu nahi duen zirkuitu propioa abian jartzeko aurki egingo duten deialdi publikora aurkezteko gonbita egin zion Aldundiak Topaguneari.

Horren guztiaren aurrean, Topaguneak bere kezka eta ezinegona agertu zuen publikoki, lankidetza hitzarmena bertan behera uzteak sor diezaiokeen kalteari eta Aldundiak indarrean ezarri nahi duen kultur ereduari dagokionez.

Aldundiko erabakiaren eraginez Kultur Errotak ekitaldi kopurua murriztu beharra izango du, eskaintzari eutsiko dion arren, Bizkaiko eta Arabako Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak, BBK zein Kutxak emandako sostenguari esker.

Euskararen erabilera bultzatu

1997an sortutako Topaguneak euskararen erabilera bultzatu eta euskaldun komunitate trinko eta zabal bat antolatzea du xede, eta euskarazko kultur sorkuntza herritarrei hurbiltzeko bokazioz sortu zuen Kultur Errota. Formatu txikiko kultur eskaintzaren erreferente ukaezina bihurtua eta eredu herrikoi batean oinarritua, hamaika ediziotan ehunka sortzaile eta mila eta zazpiehun emanalditik gora eskaini ditu egitasmoak, eta herritarrak kontsumitzaile huts gisa ikusten ez dituen kulturgintza bultzatu du.

Aurrerantzean ere gizarte mugimenduaren aldeko apustu sendoa egiten jarraitzeko asmoa du web atarian atxikimenduak jasotzen ari den Topaguneak.

ATEAK ITXI

Aldundiko ordezkariek Topaguneko arduradunekin izandako bileretan azaldutakoaren arabera, Kultur Errotak ez du beste biderik izango Gipuzkoan dirulaguntza publikoak eskatzeko, «singulartasuna» falta zaiolako.

Fitxa

Egitasmoa: Kultur Errota.

Antolatzailea: Topagunea.

Atxikimenduak: www.topagunea.org.

Kultur Errota sare sozial eraginkorra da artistentzat

Topaguneko ordezkariek euskara elkarteetako kide eta artisten babesa ere jaso zuten atzokoan, tartean Andoni Tolosa, Morau, Kultur Errotan parte hartu ohi duen sortzailearena. Hernaniarraren ustez, «Kultur Errotak sortzaileoi modu normalizatu batean Euskal Herrian aritzeko aukera ematen digu, askotan geografikoki zein sozialki euskararentzat arrotzak diren eremuetan gainera». Horretaz gain, eta ikus-entzuleekin lortzen duten harremanari dagokionez, «parte-hartze handiko programa denez, sortzailea bera ere kontratatutako artista baino gehiago sentitzen da», musikariak dioenez.

Izen eta izar handiak dirutzak ordainduta erakartzea modan dagoen honetan, Topaguneko ekimenak «diziplina ezberdineko artistoi parte hartzeko aukera ematen digu hasieratik, izan txiki zein handi, ezagun zein ezezagun. Baita gure artean elkarlanean aritzekoa ere, oso interesgarria dena». Horregatik, Tolosari zaila egiten zaio «euskara taldeen sostengurik gabe eraginkorra izan daitekeen sare sozial bat imajinatzea». Eta, tamalez, «dirulaguntza galduta, eraginkortasuna ere galduko da». A. B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo