GARA > Idatzia > > Kultura

«Bertsotube.com», bertsolaritzari buruzko bideoak Interneten jartzeko «plaza digitala»

GARA | BILBO

Bertsoa.com atari digitalak Bertsotube.com jarri du martxan. Bertsolaritza zabaltzeko bide eta aukera berriak eskaintzea du helburu Bertsoa.com atariaren osagarri gisa eratu den gune berriak eta, hein horretan, bertsozaleei kalitate handiko eta iraupen luzeko bideoak igotzeko aukera ematen die.

Begi kolpe bakar batez, hamabost bideoko aukera eskaintzen du Bertsotube.com guneak. Horietako hamar etengabe berrituko dira, eta sarrien ikusitakoak izango dira beste bostak. Webgune berria, batez ere gazteei zuzenduta dago, udalekuetako bertso saioak edo ikastetxeetan egiten diren ikasturte bukaerako jaialdietako bideoak askatasun osoz bertan ikusgai jartzeko aukera emanez.

Eduki ugari

Webgune berria berritasun horrekin dator, aipatu bezala, nahi duen edonork igo baititzake bideoak, Bertso.com gunean ez bezala; izan ere, atari digital horretan informazioari ematen diote lehentasuna, nahiz eta bideorik ere badagoen.

Sortzaileek, «plaza digitala» kontzeptuari heldu, eta bertsolaritzaren alderdi guztiak, oro har, plazaratuko dituen esparrua nahi dute itxuratu, informazioa, bertsoak, bertsolarien fitxak, gogoetak eta tankerakoak zabalduz.

Beraz, Bertsotube gune berriak bertsoak ez ezik bestelako edukiak ere sareratuko ditu: informazio-bideoak, hitzaldiak, aurkezpenak... azken batean bertsolaritzarekin zerikusirik duten eduki guztiek lekua dute Bertsotube.com plaza librean.

Plaza berri honetan agertu nahi duen orok Bertsotube.comen izena eman eta bideoaren ezaugarriak adierazi beharko ditu. Bideoak wmv formatuan igotzea komeni dela adierazi dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo