GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Manu Beraza eta Julian Hernando (*) EAEko bi klusterren presidenteak

Klusterrak krisiaren aurrean

Kluster bakoitzeko elkartekideak lehiakide ere badira eta, hala ere, gure mugen barruan nahiz kanpoan erreferentziazkoa den lankidetza maila sortu dute; euskal enpresak elkarren arteko lehian eta lankidetzan aritzen dira

Enpresetara benetan iristen diren neurriak, enpresen arteko lankidetzako ekintza berritzaileak eta klusterren arteko lankidetza. Horiek dira kluster elkarteok mahai gainean jarri ditugun formuletako batzuk, ekonomiari buruzko datu txarrekin batera badatoz ere, etorkizunari beste ikuspegi batetik aurre egiteko aukera emango diguten ekintza positiboak lortzen ahalegintzeko.

Azken bi hamarkada hauetan hamaika kluster sektorial eratu ditugu Euskal Autonomia Erkidegoan. Hamaika klusterretan 2.020 enpresa daude, EAEko garrantzitsuenetarikoak. Kluster elkarteak elkarte pribatuak dira eta urtero sinatzen dute akordioa Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Sailarekin enpresen arteko lankidetza sortzeko -baita beste hainbat erakunderekin ere-, gure enpresa-ehunaren lehiakortasuna areagotzeko eta aukerei, mehatxuei eta ekonomia globalizatu aldakorrari aurre egin ahal izateko, indartzeko helburuarekin.

Klusterren artean harreman sendoak gauzatu ditugu, baina ez enpresen artean soilik, baita herri administrazioekin ere. Gainera, industria sektorea birdefinitu dugu eta helburu erkideak lortzeko denbora eta konpromisoa eskatzen duten alderdi estrategikoak esperimentatu eta alderdi horietan aurrerapenak egin ditugu; helburu horiek lortzeko, ordea, beharrezkoa da lankidetzan aritzea, baita geure lehiakideekin ere. Izan ere, kluster bakoitzeko elkartekideak lehiakide ere badira eta, hala ere, gure mugen barruan nahiz kanpoan erreferentziazkoa den lankidetza maila sortu dute; euskal enpresak elkarren arteko lehian eta lankidetzan aritzen dira. Baina hori ez da gauetik goizera inprobisatzen, eta horregatik uste dugu «txanponaren beste aurpegia» positibo ikusten lagunduko duen balio bereizlea jartzen ari garela, testuinguru ekonomiko gogor honetan benetakoa den aurpegia, alegia. Hori da gure apustua.

Adibide bat: EAEko hamaika klusterrak, sektoreko beste hainbat elkarte eta euskal Administrazioa aspalditik gaude konprometituta Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo sailak sortutako Industria Testuinguruaren Behatokiarekin. Oro har, ekonomiaren eta, bereziki, euskal ekonomiaren datu errealak eta aurreikuspenak berrikusten dira Behatokian. Azken hilabete hauetan, foroa indartu egin da beste hainbat bilerarekin. Bilera horien buruan Juan Jose Ibarretxe lehendakaria bera jarri da krisiari aurre egiteko onartutako neurriak zehaztu, arindu eta, dagokionean, malgutzeko helburuarekin. Hori guztia egiteko ikuspegi osoa behar da. Sektore bakoitzak lehen eskutik ezagutzen du gainerakoen egoera eta horrek soluzio erkideak bilatzeko ikuspegi errealistagoa ahalbidetzen du.

Bilerak, bi noranzkoetan (enpresak/administrazioa) lan egiten duen uhal eragile zuzena ari dira bihurtzen eta ondokoak bezalako proposamenak ateratzen ari dira (batzuk Jaurlaritzak dagoeneko iragarri ditu):

1- Hartu beharreko neurri zuzentzaileetarako malgutasuna. Euskal instituzioek martxan jarritako neurriak aztertzen ari dira eta aplikatzen direnerako neurri zuzentzaileak eskatu dira, dagoeneko aintzat hartu direnak. (Finantza arloko zenbait neurrik, esaterako, enpresa batzuk baztertu egiten zituzten antzeko ezaugarriak eta egoerak zituzten beste enpresa batzuen aurrean, araudi zorrotzaren justifikazio soilarekin).

2- «Enplegu antena» sortzea. Klusterren arteko proposamen hau onartu egin da eskulana behar duen sektore batek beste batek sobera duena hartzea errazteko.

3- EEEk eragindako langileei zuzendutako prestakuntza programak bultzatzea. Pertsona horiek lanik gabe dauden denboran euren lanbide gaitasuna hobetzea da helburua.

4- I+G+Bko inbertsio mailari eustea edo maila handitzea. Administrazioa eta klusterrak bat gatoz kontu honetan: arazoak dituzten enpresek behar duten laguntza guztia jaso behar dute, orain inoiz baino gehiago, berrikuntzaren bitartez eguneroko arazoak gainditzeko eta etorkizuneko estrategiei aurre egin ahal izateko. Etorkizuna ezagutzaren gizartea da eta ikertzea derrigorrezkoa da gaur egun. Horregatik, ezagutzaren kulturaren benetako inplementazioa sustatu behar da eta lehiakortasunaren eta I+G+B funtsen transferentzia aprobetxatu behar da enpresetan ikerketa, garapen eta berrikuntzako egitura iraunkorren sorkuntza babestu eta sustatuko duten programak sortzeko.

Ez dago dudarik euskal herritarrak gaizki pasatzen ari direla, baina enpresen arteko lankidetzako gure lan historikoa, berrikuntza sustatu eta garatzekoa, lehiarako abantaila berriak bilatzekoa edo Administrazioarekin elkarrizketa eta elkarrekiko konpromisoa izatekoa, «orain eta hemen» gogorra baino pixka bat haratago konfiantzaz begiratzera animatu behar gaituzten formulak dira.

Esperientzia positibo hori, gure enpresa ehunaren arima osatzen duten pertsonen gaitasunez gain, gure etorkizuneranzko atean eratu beharko da. Egungo egoera gogorrak eragile ekonomiko, politiko eta sozial guztioi sortzen digu gure gaitasun guztiei ahal dugun guztia ateratzeko eta gaitasun horiek euskal gizartearen zerbitzura jartzeko betebeharra, euskal gizartea egoera honetatik indartuta atera dadin.

(*) Manu Beraza (Acede-etxetresnak) eta Julian Hernandoz (Acicae-automozioa) gain, EAEKo beste bederatzi klusterren presidenteek ere sinatzen dute artikulua: Javier Caño (Aclima-Ingurumena), Koldo Arandia (AFM-Makina-Erreminta klusterra), Juan Mari Gurrutxaga (Eiken-ikus-entzunezkoa), Baltasar Errazti (Energia klusterra), Luis Cañada (Euskal Herriko Itsas Foroa), Joseba Ruiz de Alegria (Gaia-informazioaren eta komunikazioaren teknologiak), Jose Luis Osoro (Hegan-aeronautika eta espazioa), Rafael Sarrionandia (Paperaren klusterra) eta Oscar Santistebanek (Uniport-Bilboko portua)

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo