GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Floren Aoiz www.elomendia.com

Non dago Ibarretxe?

Ibarretxerena egiten duen horren mezua entzutea besterik ez dago imitazio txar bat dela ulertzeko. Gainera, arretaz erreparatuz gero, ez du hain ongi egiten. Segurtasuna falta zaio, entseatu du, bai, baina ez du ongi irudikatzen benetako Ibarretxeren kemena

Ez da txantxetako galdera. Zuek ba al dakizue non ote dagoen Ibarretxe? Jadanik ez dago gure artean, nonbait. Kanpainan ez dut bere arrastorik antzeman, zinez. Ezkutuan egonen da, edo izanen dute, ederki gordeta, ahoa estalita eta eskuak loturik, akaso, ihes egin ez dezan. Batzoki baten sotoan dutelakoan nago ni...

EAJk leku batetik bestera mugitzen duen gizon hori? Hori, Ibarretxe? Mesedez, horrek Ibarretxeren antza dauka, baina ez da Ibarretxe; ezin da Ibarretxe izan. Agian «ordezko» bat da, itxurak egiteko kontratatu duten norbait, aktore bat edo. Menturaz, programatutako robot berri bat da, edo galaxia urrun batetik ekarritako mutante trebea. Aitortzen dut papera ikasia duela, eta keinuak ere aski ongi antzezten dituela, baina antzezpen hutsa da dena: ni ez nau engainatu! Hori ez da benetako Ibarretxe! Eta ez dut ulertzen zer dela-eta ni naizen konturatu den bakarra. Begirik gabe geratu zarete? Belarririk gabe? Ez dakizue orijinala eta kopia bereizten? Ezin dut sinetsi!

Nola izanen da, ba, Ibarretxe, kanpaina honetan mitinak ematen dituen gizon hori, plan ospetsuaren protagonista? Benetako Ibarretxek hitza eman zuen. Argi adierazi zuen bere plana eta bere kontsulta aurrera eramanen zituela oztopo guztien gainetik. Ez zuela inolako ezezkorik onartuko, inoiz ere ez zuela inposizioa babestuko, ezta eskubideen urraketa ahalbidetuko ere. Benetako Ibarretxek esaten zuen Estatutua gaindituta zegoela, erabakitzeko eskubidea gauzatzeko garaia iritsia zela. Nola izan zitekeen pertsona bera orain Estatutua betetzeko eskatzen duen hori? Arren, otoi, faborez... Ibarretxerena egiten duen horren mezua entzutea besterik ez dago imitazio txar bat dela ulertzeko. Gainera, arretaz erreparatuz gero, ez du hain ongi egiten. Segurtasuna falta zaio, entseatu du, bai, baina ez du ongi irudikatzen benetako Ibarretxeren kemena. Artifizial kutsua hartzen diot nik. Latan sartutako mezua, beste garaietako mintzaldi haien ordez. Ai ene, non dago lehendakaritxoa? Zer egin dute berarekin? Urkullu, Bilbao, Azkuna, utzi itzultzen, eraman etxera ordezko hori eta ekarguzue berriz gure benetako Ibarretxe, agindutako lurraren bidean oneski gidatuko gaituen gizona!

Ez didazue sinesten! Konturatzen naiz. Hasi zarete pentsatzen erotuta nagoela, edo patxaran botila bat edanda jarri naizela ordenagailuaren aitzin.

Are makurrago, hasi zarete pentsatzen ni naizela engainatua. Ordezkoa orijinaltzat hartu nuela, benetako Ibarretxe oraingoa dela, eta ez irudi soberanista eman nahi zuen hura. Ai ene! Planarena eta herri kontsultarena bozak biltzeko eta independentistak mezurik gabe uzteko iruzurrak besterik ez zirela. Horixe ari zarete pentsatzen, eta arian-arian antzematen dut nola usteltzen diren ene usteak. Doi-doi bada ere, ispiluaren atzean beste ispilu bat hasi naiz ikusten. Non dago benetako Ibarretxe, non ordezkoa? Baina, ordezkoak ere ordezkoa dauka! Ez al da inoiz bukatzen katea? Existitu da noizbait benetako Ibarretxe bat? Denak irudiak, denak mozorroak, denak maskarak al ziren? Eta nor da, orduan, boza eskatzen duen gizona? Zertarako eskatzen du, norendako? Dekoratu hutsa? Urkulluk atzetik mugiarazten duen txotxongiloaren antzeko zerbait? Bozak eskuratzeko jarritako amua? Hau bai eromena!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo