Ruben Sanchez Bakaikoa Askapeneko kidea
Achinoam Nini «Noa»ri gutun irekia
«Nire desira bakarra da Israelek zuek askatzea Hamas deritzan minbizi, birus eta fanatismoaren munstrotik».
Hitz hauek, besteak beste, erabili dituzu Israelek Gazan burutu berri duen sarraskiaren gainean, palestinarrei zuzendu diezun gutunean. Gutun horretan Hamasi egozten diozu sarraskiaren ardura, ez duzu aipatu ere egiten zure herrialdeak, Israelek, 1.300 pertsona hil egin dituela, horietako asko haurrak. Bai, ordea, Hamasek «errurik bakoak» giza ezkutu bezala erabiltzen dituela.
Pertsona askok miresten du ematen duzun irudi aurrerakoi eta bakezalea, Tolosan kantatu zenuenean, adibidez, bakearen alde, baita bi estaturen alde ere mintzatu zinen... Baina zure «bakezaletasun» horretan inoiz ez dizugu hitzik entzun palestinarrek sistematikoki pairatzen duten okupazioa eta eskubideen urraketa zalantzan jartzeko.
Okupatzaileen artean kokatzen duzu zeure burua, eta okupatuen eskubideen urraketa, zure gutunean diozun bezala, batzuetan zuen gobernuak egin dituen «tontakeria» batzuk dira.
Gazako sarraskiaren ostean, Israel Eurovisionen ordezkatuko duzu, Estatu sionista demokratikoa delako irudi faltsua Europa osoan zabaltzeko asmoarekin. Gainera, Mira Awad jatorri palestinarreko kantariarekin bikotea eginez, Israelen bizi diren palestinarrak beren arrazagatik baztertutako hiritarrak diren bitartean...
Palestinako 200 elkarte zibilek euren eskubideak errespetatzen ez diren bitartean Israelgo ordezkari orori boikota egiteko eskatu diote nazioarteari. Eta boikota egiteko motibo hauek aipatzen dituzte, zuri, Noa, galderen bidez planteatzen dizkizugunak:
-Onartzen al duzu Israelek 1948. urteko Nakbaren gaineko ardura duela, bereziki, errefuxiatu palestinarren arazoa eragin zuten garbiketa etnikorako oldarrengatik eta etxe-utzarazteengatik? Eta, beraz, nazioarteko legediak ezarri eta babesten dituen errefuxiatu eta desplazatuen eskubideak onartzen al dituzu? Alegia, egun dauden bost milioi errefuxiatuak etxera bueltatu behar direla?
-Onartzen al duzu, NBEren ebazpenak eta nazioarteko legedia bortxatuz Zisjordaniak pairatzen duen okupazio militarra eta kolonizazioa (Ekialdeko Jerusalem barne) eta Gazak pairatzen duen blokeo kriminala eten behar direla?
-Onartzen al duzu Israelgo palestinar hiritarren aurka bazterkerian eta arrazakerian oinarrituriko sistema -amaiera eman zitzaion Hegoafrikako apartheidaren antza duena-, eten egin behar dela?
-Onartzen al duzu apartheidaren harresia bota egin behar dela?
Aukera ederra da nonahi aipatzen duzun «bakea» edukiz bete dezazun.
Noak idatzitako gutuna osorik irakurri nahi duenak, honako webgunera jo dezake: http://www.hagshama.org.il/es/recursos/view.asp?id=2511.