Juan Modesto Arrieta Illarramendi Zarautz
Probabilitate teoria lurpean
Berriro gertatu da. Berriro tokatu zait hauteskundeetako mahai batean. Oraingo hau seigarrena edo zazpigarrena da, azkena 2005. urtean tokatu zitzaidalarik. Eta nahikoa dela pentsatu dut, nire inguruan 65 urte baino gutxiago duten pertsona askori oraindik, hogeita hamar urtetan egindako hainbeste eta hainbeste hauteskunde demokratikotan, inoiz tokatu ez zaielako. Ez da bidezkoa, jakinda gainera 1996tik eguneratu gabe dagoela erroldakoen ikasmaila, ez dela erabiltzen zozketarako sistema berdina herri guztietan edota ordenagailuan sartzen diren datuak eta erabiltzen den formula ezin direla ikusi.
Gainera, hain erraza da arazoa konpontzen! Nahikoa litzateke mahaietatik pasatu direnen izenak zerrendatik kentzea zozketarako, baldintzak betetzen dituzten beste guztiak pasatu arte. Eta gero berriz hasi. Hori bai izango zela zuzena eta bidezkoa.
Behin eta berriz esaten didate arautegiak ez duela esaten mahaikide izan direnak hurrengo zozketetatik kendu behar direnik, baina kendu ezin direnik ere ez du esaten araudiak, eta argi dago araudiaren asmo nagusia berdintasunean datzala eta berdintasun horrek lehentasuna izan beharko lukeela beste edozein ondorio diskriminatzaileren aurrean.
Seguru nago ez naizela bakarra «hauteskundeetako mobbing» hau aldiro-aldiro jasaten ari dena eta, beraz, nire proposamenarekin ados dauden guztiak animatzen ditut Hauteskunde Batzordeetako presidente direnei (eskualdekoa, Gipuzkoakoa eta Euskadikoa) eta Arartekoari protesta idatziak bidaltzera.
Arazo honen benetako gakoa justiziaren kultura eza batean datza, eta bereziki berdintasuna bermatu beharko luketen arduradun horiengan. Edo motzean esanda: oraindik munduak Pilatos-ez betea jarraitzen duela, alegia.