GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Auzia eteteko eskatu dute «Egunkaria»ren itxieraren seigarren urteurrenean

Guardia Zibilak, Auzitegi Nazional espainolaren agindupean, «Euskaldunon Egunkaria» itxi zuenetik sei urte bete ziren atzo eta makina bat lagunek erasoa salatu eta auzibidea ixteko eskatu zuten.
p018_f02_011x011.jpg

GARA |

Auzitegi Nazional espainolaren aginduz Guardia Zibilak ``Euskaldunon Egunkaria'' itxi zuenetik sei urte bete ziren atzo eta eraso hura salatzeko eta zabalik dagoen auzibidea ixteko galdeginez elkarretaratzea egin zuten 200 bat lagunek Martin Ugalde Kultur Parkean, «Egunkaria»ren egoitza zegoen lekuan.

Eguerdian izan zen protesta, eta politika, gizarte mugimendu eta sindikalgintza alorretako ordezkaritza zabala izan zen bertan, hala nola ezker abertzaleko Arnaldo Otegi, Tasio Erkizia eta Marian Beitialarrangoitia, Gipuzkoako ahaldun nagusi, Markel Olano, EAko Onintza Lasa edota Aralarreko koordinatzaile Jon Abril. ELAko komunikazio arduradun Patxi Agirrezabala edota LABeko idazkari nagusi ohi Rafa Diez ere bertan izan ziren, baita ESAITeko eta Etxerateko hainbat kide ere.

Egunkariaren Aldeko Taldeak deitu zuen, «Egunkaria libre!» goiburua zuen mobilizazioa. Amaieran Joan Mari Torrealdaik, Juan del Olmo epaile espainolak aginduta «Egunkaria auzian» atxilotutakoak, hartu zuen hitza eta bere gisara auzipetuta daudenak epaiketara bidean direla gogorarazi eta auzia ixteko eskatu zuen, «epaiketarik ez!» aldarrikatu zuen ozen.

Epaiketari so, ingurura begiratu eta adierazleren bat bilatuta, aurkitzen dituztenak «ez direla onak» eman zuen aditzera, eta Euskal Herrian ilegalizatzen diren elkarte, alderdi edota plataformak eta 18/98 auzian preso diren gizon emakumeak izan zituen gogoan. «Ez, ez dira adierazle onak. Ez dugu baikor izateko zantzurik», azaldu zuen.

Haatik, etsiko ez dutela ere ozen adierazi zuen Torrealdaik eta bertaratutakoei auzia artxibatu dadila behin eta berriz eskatzeko deia egin zien. Eskakizun hori gainera, aurretik Europako Parlamentuko hainbat parlamentarik, Gasteizko Legebiltzarrak edota Estatu espainoleko 61 senatarik eta diputatuk ere egin dutela ekarri zuen gogora Torrealdaik, Fiskalak berak «Egunkaria»ren aurkako auzian akusatzen ez duela nabarmentzearekin batera.

2003ko otsailaren 20an Juan del Olmo Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz, ``Egunkaria''ren egoitza itxi zuten. Egun bi auzi daude abian egunkari honen kontra. ``Egunkaria''ren itxiera ekarri zuen sumario nagusia batetik, eta auzi ekonomikoa, bestetik. Lehen kasuan akusatuta daudenei, «Egunkaria»n «izandako ardurengatik», ETAko kide izatea egotzi diete. 12 eta 14 urte bitarteko espetxe zigorrak eskatu dituzte haien aurka. Auzi ekonomikoan, aldiz, diru kontuak faltsutzea eta zerga iruzurra egin izana egotzi diete zortzi akusatuei, eta hori «delitu terroristarekin» lotu dute. Auzitegi Nazionalean dago horrenbestez auzi hori ere.

Lakuak ere bat

Itxieraren seigarren urtemugarekin batera, Lakuak berriz salatu zuen 2003an gertatutakoa, eta kazetaren eta bere arduradunen aurka irekitako auzibidea itxi dadila eskatu zuen Gobernu Kontseiluak onartutako eta atzo plazaratutako adierazpenean.

Kazetaren itxiera gainera, herri demokratiko batean inoiz gertatu behar ez zen jokamoldearen adierazpen garbia dela sostengatu zuten eta itxiera prebentibo haren oinarrian «bultzada politikoa» izan zela salatu zuen. «Justiziaz kanpoko aurreiritzietatik jokatu zela» deritzo.

tortura

10 lagun atxilotu zituen Guardia Zibilak eta horietako bostek inkomunikazio aldian torturak eta tratu txarrak jasan zituztela salatu zuten epailearen aurrean. Martxelo Otamendik Estrasburgoraino eraman du salaketa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo