Baionako Mayou zubia, gutxienez hiru hilabetez itxita
GARA |
Otsailaren 12ko uholdeetan ibaiaren indarrak eragindako kalteak direla-eta, Baionako erdialdeko Mayou zubia gutxienez ekainaren bigarren astera arte itxita egongo da. Asteazkenean motordun ibilgailuak hortik igarotzea debekatu zuten, eta atzo goizetik oinezkoentzat ere itxita dago. Ibilgailuentzat bidea lanak guztiz bukatu arte moztua izango bada ere, oinezkoentzako itxierak soilik une jakinetan izango dira.
Hamabost egun barru hasiko dira lanak. Zubiaren oinarriek jasan dituzte kalterik handienak. Ibaiaren bazterretako kaien behealdea osatzen zuten eta zubiaren oinak babesten zituzten arrokak urak eraman ditu. Urpekarien laguntza beharrezkoa izango da kalteak konpontzeko. Gainerakoan, lanean jarduteko soilik itsasbeherako tarteak baliatu ahal izango dituzte, egunean hiru bat ordu.
Eguneroko lan denbora halako murritza izateak lanak luzatzea ekarriko du, eta horregatik bederen hiru hilabete iraungo dutela azaldu zuen Herriko Etxeko zerbitzu teknikoetako arduradun Marc Wittembertek. Dena dela lanak udako opor garaia eta Baionako bestak baino lehen bukatzea espero dute.
Hiriaren erdialdeko zubi honek herriko etxeko ingurua Baiona Ttipiarekin lotzen du. Orain, bide hori egiteko oinezkoek Marengo zubia hartu beharko dute, eta ibilgailuek Henri Grenet eta Lapurdi pasabideak. Hiriko zubirik zaharrena da Mayou, 1835. urtean eraikia.