Euskarak sarean dituen garapen aukerak aztergai Kutxaespazioan
II. Euskal Soziolinguistika Jardunaldian euskararen erabilera gizarteko hainbat arlotan zein Informazio eta Komunikazio Teknologietan nolakoa den eta nola gara litekeen aztertzen aritu ziren atzo Donostiako Miramon Zientziaren Kutxaespazioan.Janire ARRONDO | DONOSTIA
«Euskalgintzan hausnarketa teorikoan zein maila aplikatuan ari direnei zuzenduta» II. Euskal Soziolinguistika Jardunaldia egin zen atzo Donostiako Miramon Zientziaren Kutxaespazioan Soziolinguistika Klausterrak antolatuta. Bertan, euskararen ezagutza eta erabilerari buruzko datuek zer dioten aztertzeaz gain, «hainbat esparrutan eragiteko moduak» edo «informazio eta komunikazio teknologien erronkak» ere jorratu zituzten.
Goiz partean «Euskararen erabilera ezagutzen» saioan 2006an eginiko IV. Inkesta Soziolinguistikoak utzitako emaitzak aztertzen aritu ziren. Han izan ziren, Erramun Osa Hizkuntza Politikarako Sailburuordea, Itziar Elorza Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioko kidea eta Fermin Lazkano ikerlariak. Euskararen erabilera lan esparruan nahiz eskola eremuko jolaslekuetan aztertzeko tailerrak egin zituzten baita ere.
Arratsadean «Euskararen erabilera Informazio eta Komunikazio Teknologietan: ziberespazioko aukerak» izenburupean teknologien erabilerak benetan eragin zuzenik ote duen aztertzen aritu ziren. Hizlari lanetan Vicent Partal Kataluniako Vilaweb gunearen sortzaile eta zuzendaria, Iratxe Esnaola Deustuko Unibertsitateko irakasle eta PuntuEus elkartearen sustatzailea eta Gorka Julio Informatikari eta Ingeniari Teknikoa aritu ziren.
Sarean euskaraz
Web 2.0ak eskaintzen duen parte hartze zein interaktibitatearen ondorioz, sarean informazio iturri gutxi batzuk izan beharrean, guztiok hartzaile zein emaile izan gaitezke. Horrek, sarritan, gehiegizko informazioa izatea ekarri duen arrean «konplexutasunak askatasuna» dakarrela defendatu zuen Partalek. Era berean, sarean euskararen presentzia bermatuko bada «guztion artean egitea beharrezko jo zuen». Kazetariaren hitzetan «euskara zenbat hiztuneko hizkuntza den kontuan hartu beharrean, euskarazko zenbat eduki eta nolakoak diren garrantzitsuagoa da».
Ildo beretik, Esnaola PuntuEus elkartearen sustatzailearen hitzetan «tamalez, ez daude osotasunean Euskal Herriko datuak bilduta». Hala ere, euskaldunona «komunitate txikia izan arren, bere hizkuntza zein kulturaren geroa bermatzeko konpromiso handia du», adierazi zuen. Beste herrialde batzuekin alderatuta «mundu fisikoan ere euskararekiko konpromisoa handia da» dio Esnaolak.
Julio ingeniariak amaitzeko, Kutxaespaziora hurbildu zirenen kontzientziak astintze aldera «euskara inguruan dituen portuges, espainol, frantses zein kataluniera hizkuntza handiekin lehiatuz bizirauteko gai bada, sarean ere hori posible izan dadin egin behar dugu», aipatu zuen.
«Euskara inguruan dituen portuges, espainol, frantses zein kataluniera hizkuntza handiekin lehiatuz bizirauteko gai bada, sarean ere hori posible izan dadin egin behar dugu».