Celta bisitatuko dute armaginek
Egoera berria, aspaldiko helburu bati ekiteko
Azken garaipenak eskainitako konfiantza aprobetxatu nahi du Eibarrek etxetik kanpoko bolada apurtzeko.
A.U.L. | EIBAR
Sekulako eragin indargarria izan du Huescaren aurkako garaipenak. Larunbateko partidak, bolada etsigarri bati amaiera emanez, galdutako konfiantza itzuli dio Eibarri. Bidea luzea da oraindik, baina gorri-urdinek berriz batu dituzte indarrak etorkizunari aurre egiteko.
Hala, taldea aspaldiko helburu baten bila zelairatuko da Balaidosen. Bost hilabete eta erdian, gutxiagorik ez, eskuratu ezin izan duen helburua, Ipuruatik kanpo irabaztea. Denboraldiko lehen jardunaldian Elx gainditu ondoren, izan ere, armaginak ez diote garaipenari antzik ere hartu. Bi aldiz lortu dute berdinketa (Donostia eta Sevilla), baina gainerako bederatzi bidaietatik esku hutsik itzuli dira.
Oraingoan, konfiantza berrindarturik, joan den asteko emaitzari jarraikortasuna ematea espero dute. Eta zalantzaz beteta dagoen talde baten aurka egingo dute saiakera, Eibarren eta Celtaren egoeren artean konparatzekorik ez dagoen arren.
Igoera gero eta zailago ikusten dute galiziarrek, azken lau jardunaldiotan garaipenik lortu ez dutenez. Denboraldi hasieratik hainbat kritika jaso duen Pepe Murciaren etorkizuna ere, kolokan dago. Eta beraien zaleen pazientzia ere lehertzear dagoela ematen du.
Horregatik, bere taldeak azken asteotan hainbeste sufritu duen presioa, aurkariari pasa eta etekina ateratzea espero du Carlos Pousok. «Gu ere ezin gara lasai egon -onartu zuen entrenatzaileak- eta ez gara egongo, Vigon garaipena lortuta ere, egoera oraindik larria delako eta bidea, luzea. Baina beraiek ere urduri daude, emaitzen eta zaletuen presioaren lasta nabari dezakete eta horretaz aprobetxatu behar dugu, beste batzuek orain arte gurekin egin duten bezala», azaldu zuen.
Horretarako, komenigarria izango litzateke atea hutsean edukitzea ahalik eta minutu gehiena. Baina hori lortzeko biderik egokiena ez da izango, Pousoren ustez, berdinketa hasieratik bilatzea. «Emaitza on bat izango litzatekeen arren, argi daukagu berdintzeko ere, irabaztera irten behar dugula, eta, ziur aski, golen bat sartu beharko dugula». «Gainera -jarraitu zuen-, batetik, ez dakit nola irteten da berdintzera eta, bestetik, oso taktika ona izango ote litzatekeen ere ez dakit. Zer egingo dugu, partida osoan gure arean sartuta egon? Dinei, Ghilas, David, Oubiña eta horiek guztiak etengabe area inguruan egoten utzi? Zaila izango litzateke guretzat, ia ezinezkoa, atea hutsean edukitzea», onartu zuen.
Pousok, izan ere, nahiko talde erasokorra zelairatu dezake Balaidosen, bi aurrelariekin errepikatuz. Ez dago batere argi, hala ere, zein aukeratuko duen, Arruabarrena minduta dagoela, Rudy Carlier laguntzeko, baina Codina, German eta Yague hirukotetik irtengo da.
Entrenatzailearen asmoa joan den larunbateko hamaikakoa berriz ere zelairatzea bazen ere, Arruabarrenak eta Alañak jokatu ezinak, beste bide batera behartzen du. Pousok hiru gizonek osatutako pibotea zelairatu lezake gaurkoan, Carmelo, Larrazabal eta Lombrañarekin.
H
l
s
t
Sevilla besterik ez da Eibar baino bisitari txarragoa. Badago, halere, armaginak «garaile» diren atala: hiru gol besterik ez dituzte sartu etxetik kanpo. Azkena, orain dela lau hilabete.
Carlos Pousok hainbat aldaketa egingo dituen arren, badirudi Damian Ismodesek aulkian hasiko duela partida. Perutarrak, hala ere, hainbat minutu jokatzeko aukera izan lezake bigarren zatian, kamiseta gorri-urdina estreinatuz.