GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

Binakako Txapelketa

«Aurkariari, pilotarik ez» oihukatzeko garaia iritsi da

Oinatz-Beloki eta Irujo-Goñi III.a elkarren aurka arituko dira sailkatzea lortzeko.

Imanol CARRILLO | DONOSTIA

Beste kirol batzuekin konparatuz, pilota zerbaitez harro egon daiteke, eta pilotarien arteko harreman ona da hori; ikusleen eta telebistaren aurrean askotan erakutsi izan dutenari kasu eginda, behintzat. Bromak, barreak... oso nabariak izaten dira, bai. Baina kantxan adiskidetasun hori guztia alde batera uzten da eta gudetan erabiltzen den «aurkariari, urik ez» esaldia kontuan hartzen dute bai atzelariek eta bai aurrelariek ere.

Gaurko protagonistak, Bengoetxea VI.a-Beloki eta Irujo-Goñi III.a, borrokarako kaskoa hartu eta guda irabaztera abiatuko dira Iruñeko Labrit pilotalekura (17.45, Tele 5 Dos LTDren bidez).

Bi bikoteak lau punturekin daude berdinduta sailkapen nagusian, baina faktore oso garrantzitsu batek utziko die batzuei edo besteei aurrera egiten: garaipena. Irujo eta Goñi III.a, nahiz eta hurrengo lau bikoteekin puntuetan berdinduta egon, lehenengo postuan daude aldeko eta kontrako tantoen diferentzia kontuan hartzen baita. Beraz, garaipena lortuz gero, hurrengo fasean egongo dira.

Bengoetxea VI.ak eta Belokik ere, norgehiagoka irabaziz gero, aurrera egingo dute txapelketan. Baina joaneko partidan galdutako puntua buruan edukiko dute oraindik -18-22 galdu baitzuten-. Koska berean bi aldiz estropezu ez egiten ahaleginduko dira ziur aski.

Eulate, Barriolaren ordez

Abel Barriolak ezin izango du azkenik Olaizola II.aren eta Mendizabal II.aren aurka jokatu bihar. Ordubeteko proba egin zuen Astelena pilotalekuan, baina atzelariak adierazi zuenez, «laugarren koadroa baino atzerago ematerakoan beldurra eta mina nabaritzen dut». Haren ordez Eulate arituko da Eibarren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo