GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

Euskalduna, urteurren distiratsua?

Euskalduna jauregiaren aipamena entzunda, kultura eta aisialdirako gunea dela bururatuko zaio berehala herritar askori, eta egunotan hori besterik ez balitz bezala izan da hizpide Bizkaiko eta EAEko instituzioetako diskurtsoetan. Baina euskal langile ugariri jauregi hori dagoen lursailean lehen izan zen ontziola etorriko zaio gogora eta haien oroitzapenak birmoldaketa, borroka, langabezia eta errepresioa izango dira. Ontziolako langileek Euskalduna ixtearen kontrako borrokan hildako laguna eta zauritu ugariak izango dituzte gogoan. Horientzat Euskalduna itsas industriako euskal langileen esplotazioaren eta borrokaren sinboloa bide da. Areago krisialdi betean, orduan birmoldaketa bezala, langileen lepo gainditu nahi duten krisialdia. Baina egunotan Euskalduna jauregiaren «hamar urteko ibilbide distiratsua» baino ez dute gogorarazi. Distira horrek, ordea, euskal historiaren lekuko izan beharrean, argitu beharrean, itsutu egiten du, 1980ko hamarkadako birmoldaketa garaian izandako borroka latzak estaltzen ditu. Gogorarazi beharrean, ahantzarazi nahi du. Hamargarren urteurren honek balantze ezin hobea egiteko balio izan du, zenbaki potoloak haizatzeko, baina aldi berean agerian utzi du historiaren -eta finean kulturaren- ohorezko orrietan agertzeko zer merezimendu egin behar den. Eta zein ez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo