GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Aizkora Urrezko Lehiaketa

Arrospide-Azurmendiren aldeko joera hartu du finalak

Leaburukoa eta Arriarangoa Larretxearen eta Atutxaren aurka neurtuko dira.

p044_f01.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Urrezko Aizkorako finala jokatuko da bihar Azpeitian, Izarraitz pilotalekuan, 12.30etik aurrera. Bertan Azurmendi eta Arrospide Larretxearen eta Atutxa II.aren aurka neurtuko dira. Azken hauek dira egungo txapeldunak, baina zaleen ustez, final honetarako gipuzkoarrak omen dira faborito, eta, halere, gehienek azken saioan lehia estua izango dela iragartzen dute.

Dudarik gabe, Urrezko Txapelketa honetako bi bikorik onenak dira hauek. Orain arte jokatutako saio guztiak irabazi egin dituzte, baina bihar bietakoren batek galdu egin beharko du, eta galtzaileek txapelik gabe geratu beharko dute.

Larretxea eta Atutxa dira egungo txapeldunak, aurten ere eragozpenik gabe egin dute aurrera. Larretxea maisua da, lan hauek oso egokiak dira berarentzat, eta oraindik maila oso handian ari da. Atutxa gaztea gorantz datorren aizkolaria da, mutil handia da, eta berarentzat ere lan hauek primerakoak dira.

Gipuzkoarrek ere ez dute berriketako bikotea osatzen. Arrospiderentzat ere lan hauek oso onak dira. Leaburukoa, gainera, zutikakoan maisu izan da beti. Berarekin Azurmendi, Gipuzkoako txapelduna, arituko da, eta horrekin dena esanda dago. Hala ere, ez zaleek, eta ez finaleko protagonistek, ez dute uste finalean alde handirik izango denik, eta inork ez du uste azkeneko lanera bitarte, txanda libreko saiora bitarte, alegia, ezer erabakitzeko modurik izango duenik inork.

Biko bakoitzak sei proba ezberdin egin beharko ditu, eta azkarren amaitzen dituenak eramango du txapela.

Azpeitira doazenek, ordea, ez dute hau bakarrik ikusiko, gazte mailakoa ere bertan izango baita. Kañamares eta Erasun Olanoren eta Saralegiren aurka lehiatuko dira.

Sokatira

Euskal Herriko Txapelketako bi txapel banatuko dira gaur arratsaldean Murgian, 17.00etatik aurrera jokatuko den saioan. Bertan, 600 kiloko bigarren eta azkeneko jardunaldia jokatuko da, eta baita 500 kiloko hirugarren eta azkena ere.

600 kilotan beste saio bat ere izan behar zuen, baina azkenean bitan geratuko da, eta gaur jakingo da zein izango den txapelduna. Lehen jardunaldian Abadiñok irabazi zuen, eta gaurkoan ere beraiek izango dira txapela lortzeko faboritoak. Beraiekin batera, Amaiur, Berriozar, Sokarri eta Ñapurrak lehiatuko dira.

500 kilotan hirugarren eta azkeneko saioa izango da, eta pisu honetan ia dena erabakita dago. Lehen bi jardunaldietan Badaiotzek irabazi zuen, eta txapela ia buru gainean dute arabarrek. Bigarren postua ere erabat segurtatuta dauka Beti Gaztek, eta hirugarrena eta azkena izango litzateke Giriziarentzat, deskalabruren bat ez bada.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo