GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Harri-jasotzea Marka saiakera

Inaxio Perurenak oraingoan ez du hutsik egin nahi 295 kilotako harri handiarekin

p044_f02.jpg

J.L. | DONOSTIA

Inaxio Perurenak ez du bigarrengoan hutsik egin nahi, eta 295 kilotako harria bizkarrean berdindu nahi du bihar eguerdian, Azpeitian. Leitzarra Urrezko Aizkorako finalaren ekitaldi barruan arituko da lanean.

Urtezahar egunean egin zuen lehen saiakera, Asteasun, baina ez zuen harria berdintzea lortu. Kolpe handia izan zen berarentzat, baina orain berriro ere indartsu eta gustura aurkitu da, eta bihar ahalegina egiteko prest dago.

«Azken entrenamenduak ongi egin ditut, eta horiek garrantzitsuak dira niretzat. Berriro ere prest nago», esan zuen kirolari leitzarrak.

Asteasukoa kolpe dezente handia izan zen, baina hurrengo egunetik berriro ere lanerako prest zegoen: «Etxean ikusi nuen berriro jasoaldia, eta ez dut gehiago ikusi. Hurrengo egunean berriro ere altxatu beharra zegoen, eta entrenatzeari ekin nion. Pasatutakoa pasatuta dago, eta aurrera begiratu behar da, eta oraingoari begiratu behar diogu», esan zuen.

Izan ere, 300 kilotakoa gertu dauka, eta horretan pentsatzen ere hasita dago: «Behin harri hau jasoz gero, 300 kilotakoa daukagu. Oso gertu dagoela sumatzen dut, eta horrekin ere pentsatu beharko da», esan zuen Inaxiok. Hala ere, lehenengo 295 kilotakoa jaso beharra dauka, eta hori da orain berak daukan erronka nagusia.

Helburua bete ahal izateko, bost minutuko txanda bat izango du aurretik, eta duen guztia emango du, bigarrengoan marka egin eta 300 kilokoaren pentsatzen hasteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo