GARA > Idatzia > > Kultura

Euskal mitologiaren izakiak «Sasi guztien gainetik» dantzan jarriko ditu Indarrak

Itziar AMESTOY | GASTEIZ

Euskal mitologia ahoz aho helarazten den gai mugatua baino, birsor daitekeen ohitura aberasgarria ere badela aldarrikatzen du Gasteizko Indarra kultur elkarteak sortu duen azken ikuskizunak: «Sasi guztien gainetik». Indarrak ohi duen bezala, euskal dantza eta musikari eutsita, mitologiako hainbat pertsonaia agertuko dira gaur 19.ooetatik aurrera Alde Zaharraren inguruan. Kultur Elkartekoek azaldu dutenaren arabera, «tradizioan oinarritutako dantzak» eskainiko dituzte 120 lagunek; «baina jendaurrean oso modu berezian aurkeztuta», zehaztu dute.

Suziri eta musikarekin bat, enparantzaz enparantza ibiliko dira sorginak, Mari buru dutelarik. Lamia, artzain, galtzagorri, iratxo eta nekazarien dantzak ikusiko ditu Marik, Basajaun, Tartalo, Gaueko, Sugar eta Aker agertzen doazen bitartean. «Betor Mari, Euskal Herriko andere zaindari! Betor Aker, Sorgin eta keinuen gidari», esango dute deiadarka sorgin nagusiek, Aihotz enparantzan akelarreari lekua emanez, eta 120 lagunak albokaren soinupean dantza egitera erakartzeko.

Euskal inauteriak ospatzeko aukeraz gain, emanaldi hau Indarraren apustuaren isla da: «Ohiturak eta folklorea ezagutu, ikasi, gorde eta grafikoki birsortzea». Hori dela-eta, ikuskizun honetarako espresuki sortutako musika, dantza eta jantziekin datoz taldekoak, betiere dokumentazio lan zuhurra burutu ondorengo emaitza. Soinuaz, tronpetaz, gaitaz eta txistuaz jotzeko lau lan sortu ditu Jose Antonio Fernandezek.

Gasteizko Alde Zaharrak ingururik egokiena eskainiko die Indarrakoei «Sasi guztien gainetik» inauteriak ospatzeko. Mitologia, dantza eta musika nahasten dituen lana begiztatu nahi duenak 19.00etan Brulleria enparantzara inguratzea daukala gaur.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo