GARA > Idatzia > Kirolak > Errugbia

Geldialdia amaituta, berriro hasiko da Top 14a

J.L. | DONOSTIA

Bi astetako geldialdiaren ostean gaur itzuliko da Top 14a, eta euskal taldeentzat norgehiagoka gogorrak bezain zailak izango dira.

Bietan jokatzen lehena Biarritz izango da. Zuri-gorriek Brivesen zelaian arituko dira 14.30etik aitzina. Zuri-gorriak urte hasiera bikaina egin dute. Urte berria hasi zenetik, erabat aldatu dira, eta ordura arteko bolada txarra amaitu egin dute, eta joko aldetik ere nabarmen hobetu dira, zaleen gozamenerako.

Ligako lehen lau postuetan sartzea ia ezinezkoa denez, datorren urtean Heineken Kopa jokatzeko txartela lortzea izan behar du oraingo erronkak.

Horretarako aurkari zuzena izango dute gaur. Beraiei irabazita, gainera, sailkapenean gain hartuko diete, eta horrek indarra eman behar die euskaldunei.

Kontrako bidea egiten ari dena Aviron da. Ligako lehen zati bikaina burutu ostean, beherakada nabarmena ari da izaten, eta gaurkorako ere oso partida gaitza izango dute, 16.30etik aurrera Perpinya hartuko baitu Jean Dauguer estadioan.

Partida oso zaila izango da euskaldunentzat, eta are gehiago geldialdiaren aurretik erakutsi zuen jokoa ikusita. Kataluniarrak hirugarren postuan daude, eta Liga irabazteko faboritoen artean agertzen dira.

Azkenaldiko emaitza txarrengatik talde lapurtarra lehen lau postuetatik kanpo geratu da, baina oraingoz ez ditu oso urruti. Hala ere, euskaldunen helburu nagusiak, une honetan, Heineken Koparako txartela lortzea izan beharko luke, eta horretarako gaur irabaztea ezinbestekoa da.

Ohorezko Maila

Ohorezko Mailan, garrantzi handiko partidak dituzte hiru euskal taldeek. Hirurak ere bihar jokatuko dituzte euren norgehiagokak.

Hasten lehena, Pegamo Bera Bera izango da. Donostiarrak sailkapeneko beheko postuetan dabiltza, nahiz eta taldea goian ibiltzeko modukoa egin zuten, baina hortik irteten hasteko irabazi egin behar, eta horretarako aukera dute bihar Santboianaren aurka, 12.00etatik aurrera.

Oren erdi bat geroago hasiko du bere partida Ampo Ordiziak El Salvadorren zelaian. Gipuzkoarrak sailkapeneko goialdean daude, baina irabazteko oso zaila izango da biharkoa. Bertan puntu bat lortzea ere ez litzateke txarra izango.

Ordu berean jokatuko du Getxo Arteak Les Abellesen zelaian. Bizkaitarrak azkenaldian ez dabiltza ongi, eta arriskutik kanpo jarraitzeko, aukera ederra izango litzateke bihar irabaztea.

Emakumezkoetan, berriz, Europako Kopako finaleko itzulerako partida jokatuko du bihar Getxo Arteak USAT taldearen zelaian (15.00). Joanekoan, 11-19 galdu zuten, eta bizkaitarrek zaila izango dute txapela eskuratzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo