PSE-ren ekitaldia Kursaalen
Zapateroz gain, gazteak baliatu ditu Lopezek bozak eskuratzeko
Gazteak. Hauteskunde kanpainetan baliabide gisa erabiltzen den gizarteko sektore hori izan zuen atzo PSEk hizpide bozak eskatzeko orduan. Baina, antza, nahikoa ez eta etortzekoa ez zen Jose Luis Rodriguez Zapaterok ere parte hartu zuen Donostiako ekitaldian. Gipuzkoako bozen garrantzia ikusita, Madrildik bidaiari gehiago iragarri dituzte jada.
Gari MUJIKA
Gisa honetako ekitaldi politikoetan ohi den bezala, goizerako Ertzaintzak Gros auzoaren jiran hainbat errepide kontrol ezarri zituen, baita Guardia Zibilak bere bueltatxoa eman ere. Arratsalderako, ordea, jaietako arroparekin jantzitako ertzainez josita azaldu zen Donostiako Kursaal ingurua. Eta euren artean, PSErentzat bozak eskatzen zituzten makina bat gazte.
Nahiz eta gaztetasunaren kontzeptua askorentzat erlatiboa izan, eta ahalik eta gazteenak lehen ilaran kokatu, hogeita hamar urtetik gorako gazteak izan ziren Patxi Lopezen eta Jose Luis Rodriguez Zapatero presidente espainolaren hitzak txalotzen aritu zirenak. «Zuek erabaki» leloa baino, akaso, hobea izango zuten «Beti gazte» aukeratu izango balute.
Gainera, gazte independentisten tankeran, PSEkoek «Patxi lehendakari» zioten elastiko gorriak jantzita azaldu ziren. Horietako bat jaso zuen presidente espainolak opari gisa, «Ari, ari, ari, Patxi lehendakari» oihukatzen zuten bitartean.
«Hau bai badakizuela egiten»
Parekidetasuna, askatasuna, justizia soziala, feminismoa, copyleft-aren aldeko lana, elkartasuna, klima aldaketaren aurkako borroka, bakezaletasuna... Hori guztia ordezkatzen dute, Portugaleteko hautagaiaren ustez, euskal gazteek. Eta horregatik guztiagatik, «aldaketaren» ikurra osatzen dute gazteek.
Hala, ondoko konpromisoa hartu zuen Lopezek gazteekiko: «Ez dizuet etorkizuna promes egingo, oraina eskaintzen dizuet, elkarrekin alda dezagun».
Baina konpromiso horren truke, bi gauza eskatu zizkien gazteei. Lehenbizikoa, «inkonformistak izatea, beti kritikoak izatea eta behar denean `hatza begian sartzea'. Ez du ezertarako balio gazteak gure eskutik joatea, beti aurretik joan behar dute, nahiz eta gero askotan haserretuko garen». Txalo zaparrada jaso zuen, nahiz eta ondorenean esan zuenak PSEko bati baino gehiagori irribarrea kentzeko nahikoa izango zen, ziur aski.
Izan ere, bigarren eskakizuna «aldaketa» ekartzea izan zen. Baina bertakoek ondo ulertu ez zutena zera izan zen, bigarren eskaera aipatzerakoan «hau bai, hau bai badakizuela egiten» esan zuela Lopezek. Beraz, lehenbizikoa izaten ez dute jakingo, nahiz eta euskal gazteek, kritikotasuna, nortasunean izan.
Gazteekin eta gazteentzat lan egingo duen lehendakaria izango dela hitzeman zuen Patxi Lopezek, EAJko Juan Jose Ibarretxe hautagaiak hori egiten jakin ez duela nabarmenduz. Izan ere, gaztetasunaren baloreak laudatzeaz beste, EAJren aurkako hitzak baino ez zituen izan.
Eta tankera berean aritu zen Jose Luis Rodriguez Zapatero ere. Portugaletekoarekin batera, Madrilgo Gobernuak, euskal gazteak gurasoen etxetik horren berandu ez joateko plan bat egingo dutela iragarri zuen.
Bakea lortzeko konpromisoa
Baina birritan aipatu zuen beste ideia garrantzitsuagoa ere izan zuen hizpide presidente espainolak: bakea lortzea.
«Gure belaunaldiak, zuenak bakea ezagutzeko konpromisoa dauka. Gure betebeharra da. Ez gara helmugara iritsi, baina asko aurreratu dugu. Eta Patxirekin ziur nahiz askoz gehiago aurreratuko dugula», nabarmendu zuen Jose Luis Rodriguez Zapaterok, azken prozesu politikoaren gainean hitz batzuk aipatuz.
PSEren ekitaldi gehienetan bezala, AEBetako presidente Obama hizpide izan zuten. Han lortutako «aldaketa», gazteei esker izan dela esan zuen Leongo politikariak, Gasteizko Parlamenturako gauza bera desiratuz. «Munduko konkista guztiak bozen bidez lortu dira», gaineratu zuen PSErentzat boza eskatuz. Konkistak egiteko, ziur, horixe dela gutxien ibilitako bidea.