Mundua abiaduraren edertasunarekin hornitu zuen Futurismoak ehun urte bete ditu
GARA | ERROMA
Futurismoaren Manifestua argitaratu zeneko mendeurrena izan zen atzokoa; abiadura edertasunaren ikur bilakatu zuen Futurismoa sortu zenekoa, hain zuzen ere. Filippo Tommaso Marinetti italiarra izan zen joeraren bultzatzaile nagusi eta manifestua argitaratu zuena «Le Figaro» egunkari frantsesa izan bazen ere, italiarrek mugimenduak bertako zigilua duela aldarrikatu zuten atzokoan.
Erroman «Futuroma» deituriko jaia ospatu zuten. Hainbat ekitaldi artistiko antolatu ziren, Brien Eno, Coldplay taldeko ekoizleak egindako ikus-entzunezko lana izan zelarik ikusgarriena. «Presentism, time and space in the long now» izeneko lana Ruspoli jauregian ezarri zuten. «Gaur egiten eta suntsitzen dugunak etorkizuna baldintzatzen du. Garai batean futurismo dei zitekeena, gaur `presentismo' da», adierazi zuen Enok.
Mugimendu hedatua
Manifestua argitaratu eta urte batzuk geroago, artista plastikoek beste idatzirik ere zabaldu zuten, «Poesia» aldizkarian, Marinettik 1904an sortutakoan, jasotakoa kasu. Italiarrak denbora eta mundua ulertzeko zuen modua hedatuz joan zen eta hainbat pintoreengana ailegatu zen. Esate baterako, Umberto Boccioni edota Giacomo Balla, 1910ean manifestua sinatuta, abiadura marrazten hasi ziren, hainbat planoren bidez ekintza bat adierazteko helburuarekin. Futurismoak Errusian ere izan zuen indarrik, Vladimir Maiakovski eta Velimir Jlébnikov poetak 1912an argitaratutako «Zaflada gustu nagusiari» delako manifestuak erakutsi zuen bezala. Orduan ez ezik, gaur egun ere garrantzizkoa da joera, Londreseko Liburutegiak, esaterako, manifestuaren metalezko edizioa erosteko asmoa agertu du.