GARA > Idatzia > > Kultura

«Pertsonaien psikologia da ipuin guztiak mugitzen dituena»

KATIXA AGIRRE

«Habitat» liburuaren idazlea

«Sua falta zaigu» (Elkar, 2007) estreinako ipuin liburuaren ondotik, Katixa Agirrek (Gasteiz, 1982) «Habitat», bigarren ipuin liburua, aurkeztu zuen atzo Bilbon, Elkar argitaletxearen eskutik. Igartza saria irabazi duen liburuak sofa eder bat du azalean, eta idazleak berak ere, sofa eroso batean jesarrita eman zigun etxea ardatz duten sei istorioen berri.

Anartz BILBAO | BILBO

Aterpe natural, gotorleku sekretu, maitasunerako habi, independentziaren eremu, bakardade goxorako abagune, hona zer den Katixa Agirreren etxea.

Etxea duzu ardatz liburuan. Ez zara ba sofatik altxatzen ez den «Otaku» horietakoa izango.

Ni ez naiz horietakoa, baina egia da gero eta gehiago disfrutatzen dudala etxean egoten. Norberak bere etxea duenean beste modu batean bizi du eta erosoago dago. Liburuan ordea bai, badago horren antzeko pertsonaia bat. Etxetik ez ateratzea erabaki duen amona bat da. Internetera konektatu da eta erosketak ere web bidez egiten ditu.

Historiako izen handiei begiratuta, 27 urte egiterako gure onena emana dugula irakurria dizut. Zuk adin buelta horretan idatziko zenuen liburua.

Nire kontrako harrikada bat zen hura. Baina bai, hogeita zazpiak baino lehen idatzi nuen, eta teoria horren arabera orain idatziko dudana izango da onena. Idazteak eta idazteak eragiten du hobetzea. Eta ni beti nabil zutabeekin, artikuluekin... Estiloa fintzen laguntzen du horrek.

Aurkezpenean pertsonaien «agerpenaz» hitz egin duzu.

Ipuin guztiak pertsonaietan oinarrituta daude eta beraien psikologia da ipuina mugitzen duena. Beraz, idazten jarri aurretik pertsonaiak pentsatzen ditut, eta horien profilak idatzi ez arren eta gero datu horiek ipuinean ez agertu arren, nolako iragana izan duten edo nolako lana duten ere pentsa dezaket, pertsonaiak osoak izan daitezen.

Bizileku eta familia eredu ezberdinak agertzen dituzu. Auzokideak ez dira izango ba.

Ez da hori, baina badago lotura beraien artean, nahiz eta oso modu sotilean aipatzen den. Batean aipatzen direnak gero beste batean protagonista izango dira. Ez da, halere, benetan ipuinetan eragina izateko egindako gurutzaketa, liburuaren irudi orokorrean eragina izateko baizik, osotasun bat izan dezan.

Sei istorio eta ... 220 orrialde.

Luzeak dira, ipuin luzeak, besterik gabe. Horrek ipuin laburretan landu ezin dituzun kontuak jorratzeko aukera ematen dizu, pertsonaien garapena egin eta beraien harreman sareak deskribatzeko...

«Habitat» hauetan ere «Sua falta zaigu»? Zer jarraipen eta zein ezberdintasun dakartzazu?

Tonuan eta estiloan ez dago aldaketa handirik, nahiz eta gauza batzuk apaldu ditudan: ironia, sarkasmoa, baita fribolitate apur bat ere. Baina azkenean nire eskua dago, eta hori ikusten da. Diferentziarik handiena berriz, liburu honek daukan osotasunean dago, ikusten delako hasieratik asmo edo proiektu bat zegoela. Aurrekoan ipuinak idatzi eta idatzi eta gero denak pilatu nituen, eta hemen nabari da osotasuna.

Liburuarekin batera izen bereko bloga ere ireki duzu.

Bai, blogzalea naiz. Nire laugarren bloga da, pentsa! Aitzakia moduan, izen berarekin sortu dut, Habitat. Gogoa neukan aurrekoaren itxura aldatzeko eta aukera hau baliatu nuen, aitzakia moduan, eta liburutik tiraka, «Habitat» liburuaren izen bereko bloga sortzeko, beste gabe.

Elizanbururen «Ikusten duzu goizean» olerkiak irekitzen du liburua, aipu gisa.

Bai, etxearen idealizazioa erakusten duelako, munduan dugun txoko gisa: «... han bizi naiz ni bakean». Jokoa eginez, liburuan kontrakoa ikusten da gero, etxean ez garela hain bakean bizi eta denetariko arazoak daudela kontrajarriz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo