GARA > Idatzia > Kirolak > Eskubaloia

EHF Kopa

Ezaguna duen CAI Aragonen aurka neurtuko da Arrate

Joanekoa martxoaren 28an edo 29an jokatuko dute Eibarren eta itzulikoa apirilaren 4an edo 5ean Zaragozan. Gaur, Ciudad Realen aurka Asobal Ligan.

p038_f01_097x092.jpg

GARA | EIBAR

Sufrituta lortu zuen Arratek iragan larunbatean EHF Kopako final-laurdenetarako txartela. Norgehiagoka hura, Aarhus taldearen kontrako itzuliko partida, Danimarkan jokatu behar izan zuen. Orain, ordea, ez du hain urrutira joan beharko CAI Aragon Asobal Ligako taldea izango baitu aurkari talde gipuzkoarrak.

Vienan egindako zozketaren arabera, Eibarren jokatuko dute Arratek eta CAI Aragonek joaneko partida (martxoaren 28an edo 29an) eta Zaragozan izango da itzuliko neurketa (apirilaren 4an edo 5ean). Beraz, garaipena lortzeaz gain, gol aldea oso garrantzitsua izango da.

Eibartarren lehendakariorde Jose Alberto Barruetabeñak adierazi zuenez, kanporaketa gainditzeko aukerak ditu Arratek, neurketa «berdinduta» egon arren, «bietako edonork» irabaz dezakeelako.

Halaber, bi taldeek elkar ondo ezagutzen dutela nabarmendu eta Zaragozakoen aurka beti «partida onak» jokatu dituztela gogorarazi zuen Barruetabeñak.

Arrateko lehendakariordeak Suitzako St. Gallen-en tankerako aurkari bat nahiago zuela adierazi zuen. Aurrean ikusi nahi ez zituenen artean, berriz, Alemaniako Gummersbach eta Errusiako Astrakhan taldea zeudela esan zuen.

Viatcheslav Kobin Arrateko eskuin hegaleko errusiarrak, aldiz, «beste aurkari bat nahiago genuen» adierazi eta bere herrialdeko taldearen aurka jokatzeko nahia azaldu zuen.

Asobal Liga

Arratek ezin du EHF Kopako hurrengo partidan bakarrik pentsatu, gaur bertan ligako partida baitu kanpoan. Ciudad Real, Asobal Ligako liderra, izango dute aurkari eibartarrek (20.45), 18 jardunalditan 16 garaipen lortu dituen taldea hain zuzen ere.

Arratek badaki zer den Ciudad Realen aurka irabaztea, lehen itzulerako norgehiagokan garaipena lortu baitzuen Ipuruan (28-26), baina oraingoa neurketa erabat ezberdina izango dela ziurtatu zuen Jose Alberto Barruetabeñak. Gaurko aurkariek partida guztiak irabazi dituzte etxean eta, Danimarkako partida neketsua kontuan hartuta, oso partida zaila izango da.

Gauzak horrela, Julian Ruiz Arrateko entrenatzaileak Ivo Diaz kubatar-hungariarra deialditik kanpo utzi du, Aarhusen kontrako partidan belaunean min hartu baitzuen. Haren ordez, Javier Arroyo hegaleko jokalaria arituko da. Eibartarren zerrendak ez du beste aldaketarik izango.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo