GARA > Idatzia > Iritzia > Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Krisialdiko hausnarketa

Tertzio autonomikoa» esatea baztertu dut, EAE (oraingoz) ez da-eta Legio espainolaren atala. «Euskal heren autonomikoa» dabilkit buruan. Zuzena al da? (Euskaltzaindiari). «Euskal herren autonomikoa» idaztea ere otu zait, baina badakit izendapen horrek besterik adierazten duela... ala ez? Tira, gaur Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan hausnarketa eguna da. Bobidoen, zerbidoen eta abarren eguneroko jarduna egiteko eguna alegia. Guk nahikoa dugu egun bat lau urtean behin geure gose demokratikoa berdintzeko. Eta nik neuk, zerrenda honek eskaintzen didan aukera baliatuta, nahi duenarekin partekatuko dut neure gogoeta.

Igandetik aurrera, dozenaka mila herritarren ordezkariak Gasteizko Legebiltzarretik kanpo geldituko dira. Eta haiekin batera demokrazia zantzurik txikiena ere bai. Kontu itsusia da, baina alderdi politikoek bestaldera begirako kanpainaren Rubikon zeharkatu dute. Alea iacta est. Orain herritarren txanda da. Eta heren... hiru probintzia horien etorkizuna erabakiko omen dute. Zer dago jokoan, ordea, Ibarretxe ala Lopez, nor nagusituko den? Gobernu abertzalea edo espainolista? Ez «aldaketaren» aldekoek ez aurkakoek ez dute-eta azaldu zertan izango litzatekeen aldaketa hori. Azken legegintzaldietako gobernuak Legebiltzarraren erabakiak errespetarazteko gauza izan ez direnez, beharbada aldaketaren funtsa erabaki horiek atzera botatzea txalotu dutenek Legebiltzarrean erabakitzen dituztenak Madrilek errespetatuko dituen bermea da. Nolanahi ere den, Madrilek behin eta berriz baliogabetu duen Legebiltzarra oraingoan baliogabe hasiko da.

Honaino hauteskunde bezperako nire gogoeta. Eta zerrenda hau osatzeko falta ditudan lerroak -hasierakoak Euskaltzaindiari kontsulta (Madrilgo Kongresuaren baimena bitarte) egiteko baliatu ditudan bezala- Ertzaintzari delitu baten berri emateko erabiliko ditut. Atzo, etxeko buzoian D3Mren boto-txartel batzuk agertu ziren, baliogabeak izango omen diren horietakoak. Espero dut Balza jaunaren Sailak berandu gabe paperok atxilotu eta birbaliogabetzeko agindua bideratuko duela. Buzoian dituzte denak, pare bat izan ezik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo