380 partida gorritxoen kamisetarekin
Partida asko, urte dezente eta jokatzeko gogo gehiago
Belaunak arazoak ematen dizkion arren, defentsa nafarra gustura aritu da, batez ere azken bolada honetan.
GARA | IRUÑEA
380. partida jokatu zuen Osasunarekin Cesar Cruchagak Numantziaren aurka, Eugenio Bustingorri gaindituz eta historian gorritxoen elastikoa gehien defendatu dutenen zerrendaren hirugarren postuan kokatuz. Partida asko beraz, urte dezente (35 bete zituen urtarrilean) eta, horren guztiaren ondorioz, aldizka arazoak ematen dizkioten belaunak. Baina, hala ere, nafarra markak hausten jarraitzeko prest dago.
Izan ere, askok pentsatu zuten aurtengoa bere azken denboraldia izan zitekeela. Cruchagak ez du argi ikusten eta, oraingoz, ez du ekainetik aurrera zer egingo duen argitu nahi. «Urtero-urtero, denboraldia hasten denean, azkena izango dela pentsatzen dut -onartu du-. Eta argi daukat urteak aurrera doazela eta gorputza abisuak ematen ari dela, baina futbolean inork ez daki inoiz zer gerta daitekeen. Ikusiko dugu, beraz, zer egiten dudan ekainean. Gaur egun ez dut horretan pentsatu ere egiten; neure buruari planteatzen diodan gauza bakarra Osasunak Lehen Mailan jarraitzea da», azaldu zuen.
Eta normalean kontu honi buelta gehiegi ematen ez badio, are gutxiago azken bolada honetan. Hamaikakora itzuli da, partida onak jokatu ditu, eta horrek isla nabarmena izaten omen du ilusioan. «Ez nuen gehiegi jokatu lehen hilabeteetan eta nire asmo bakarra parte hartzeko aukera izatean taldeak ez nabaritzea zen. Pozik nago, beraz, jardunaldi onak izan ditudala uste dudalako eta, batez ere, taldeak puntuak lortu dituelako», nabarmendu zuen.
Eta taldeak egun duen dinamikak eta Cruchagaren beraren parte hartze zuzenak, atzelariaren egoera fisikoan ondorio onuragarriak ere izan dituztela dirudi. Belaunek, behintzat, ez diote oztoporik jarri jokatzeko orduan. «Entrenamenduetan asko sufritzen dut, baina partidetan, berriz, ezertxo ere ez-aitortu zuen-. Medikuek minaren aurkako tratamendua aurkitu dute eta emaitza onak ematen ari da. Lehiakorra izaten ari naizela uste dut».
Ez da hori uste duen bakarra. Denboraldi hasieran jokatu zituen minutu gutxitan eskainitako maila eskasaren -eta taldearena, oro har, oso ona izan ez bazen ere- ondorioz, egurra jaso ondoren, oso kritika onak jasotzen ari da Cruchaga azken aste hauetan. Gainera, Racingen aurka hamaikakoan errepikatzeko aukera izan dezake, Sergio guztiz errekuperatuta dagoen arren.
Ikusteko dago Jose Antonio Camachok Santanderrera abiatu aurretik gaur zuzenduko duen azken lan saioan bere asmoen arrastoren bat eskaintzen duen.
Atzo indarberritze lana egin ondoren, gaur prestatuko ditu taldeak Racingen aurkako partidari begirako azken xehetasunak. Roversiok eta Josetxok ezingo dute jokatu eta, atzoko saioan parte hartu ondoren, medikuek Dadyren egoera aztertuko dute.