GARA > Idatzia > > Kultura

Donostiako Orfeoiak, Santikutzen 50. urteurrena ospatzeko, saioa eskainiko du gaur Legazpin

Legazpiko Santikutz abesbatzaren 50. urteurrena dela-eta, Donostiako Orfeoia Andre Maria elizan izango da gaur eta Bachen eta Urruñuelaren konposizioak kantatuko ditu, besteak beste.

Ainhoa LORES | LEGAZPI

Donostiako Orfeoiak Legazpiko Andre Maria elizan eskainiko du emanaldia, gaur 20.00etan, Santikutz abesbatzaren 50. urteurrenean antolatutako eskaintzari erantzunez. Ekitaldian Madinaren «Aita Guria», Bach-en «Cantata» (147 eta 140) eta Urruñuelaren «Maitia nun zira?» abestiak entzungo dira.

Legazpiko taldea joan den urtean hasi zen urteurreneko ekitaldiak egiten. «Donostiako Barroko Taldea, Landarbaso eta Tolosako topaketan aritutako Britainia handiko Chantage ekarri genituen gurera», aipatu zuen Santikutzeko kide batek.

Gipuzkoako taldea beste hainbat tokitako taldeekin trukean, han eta hemen ibili da azken urteetan. Oion, Lizarra, Durango edo Hondarribia dira, besteak beste, bisitatu dituzten tokietako batzuk. Horrez gain, atzerriko leku askotan ere Legazpiko «enbaxadore» modura ekitaldiak egin ditu. Razac Sur L´Isle-n (Estatu frantsesa) eta Madrilen izan dira, beste askoren artean.

Santikutz, batik bat, legazpiarrei musika korala eskaintzeko jaio zen. Taldea osatzen duten legazpiarrak afizioz aritzen dira. Bere errepertorioan, polifonia erlijioso eta profanoaz gain, Euskal Herriko eta atzerriko folkloreaz osatutako konposizioak ere topa ditzakegu.

Urola Garaiko taldeak 1958an eman zituen lehen urratsak eta, orduz geroztik, bere izena eta izana hainbat aurrekari eta egoerari lotuta egon da. Aipatzekoa da oraindik badirela lau pertsona taldea sortu zenetik bertan jarraitzen dutenak. Hasiera batean, elizarekin loturarik izan ez bazuen ere, laster parrokiako koru bihurtu zen. Baina etapa hori ere bukatu eta aipaturiko bereizgarri hori gabe ekin zion egungo koruak. «Hasieran, leku batetik bestera ibiltzen ginen, inolako leku finkorik gabe», adierazi du Raulek.

Izenari dagokionez ere, aldaketa ugari izan ditu Santikutz abesbatzak, hasierako Coral Sta.Cruz, Legazpi Abesbatza, Aizeleku, eta egungo izena hartu arte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo