GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

Martxoaren 1eko hauteskundeak

Bakea hizpide, EAk, EBk eta Aralarrek

p008_f01.jpg

Bakegintzaz ez da apenas hitz egin hauteskunde kanpaina honetan, baina EAk, EBk zein Aralarrek gaia mahai gainean jarri zuten azken egunean, ETAk kaleratutako agiria bertan zelarik.

EA

Ziarreta: «Gure proposamena bakarra izan da»

Euskal Herrian oraindik «hiltzen den eta hiltzen duen jendea dago; boza baliogabetua duen jendea eta bizkartzainekin ibili beharra duen jendea dago», esan zuen Unai Ziarreta lehendakarigaiak. Hori dela eta, oso deigarria egin zaio kanpaina honetan «inork, EAk izan ezik, dugun arazo nagusiaren aurrean proposamenik ez egitea. Asteak pasa ditugu zenbakiez eta krisi ekonomikoaz hitz egiten, baina inork ez du aipatu bakerik eza eta normalizazio politikorik ezaren arazoari nola aurre egin eta egoera honetatik nola atera behar dugun», adierazi zuen. «Gainerako alderdien partetik etsipena nabaritu dut -esan zuen Ziarretak-, azkeneko negoziazioaren porrotaren ondoren Euskal Herrira bakea ekartzea ezinezko joko balute bezala».

Honen aurrean zera planteatzen du EAk: «Mugimendu handi bat sortzea, bide politikotik gizartearen gehiengoaren atxikimendua lortuko duena eta Gobernu espainolaren aurrean planto egiteko gai izango dena». Bestela, «betiko gurpil zoroan biraka jarraituko dugu, hilketak, ilegalizazioak eta atxiloketekin; arazoa betikotzeko era onena da».

EB

Madrazo: «PSE-PP itunak ez du bakea ekarriko»

Javier Madrazo EBko lehendakarigaiak argi ikusten du PSOEk eta PPk ituna egingo dutela Patxi Lopez Lehendakaritzara eramateko, eta honakoa ohartarazi zuen: «Horrek ez du bakea ekarriko, ez du lanpostu finkoaren alde egingo. Etxebizitza arloan ere ez du hobekuntzarik eragingo, ez eta gizarte justuago bat bultzatuko ere, kontrakoa baizik». Madrazoren hitzetan, estrategia honekin «fronte berriak» ezarriko dira Euskal Herrian, eta ez zaie benetako arazoei aurre egingo. EBren proposamena alderdien arteko mahaia sortzea da, bazterkeriarik gabe, eta bilgune berria bilatzea: «Abertzaletasuna eta espainolismoa ezin dira konponbidea izan», gaineratu zuen EBko agintari nagusiak.

Aralar

«ETAren kontsigna» aipatu eta salatu du Ezenarrok

Atzo ETAk plazaratutako azken agiriari erreparatu zion Aralarreko Gipuzkoako zerrendaburu Aintzane Ezenarrok. Haren mezua baliogabeko bozaren aldeko «kontsigna»tzat jo zuen eta ezkerreko abertzaleek horri bizkarra eman behar diotela argudiatu zuen. Bere ustez, «sufrimendua» behingoz bazterrean utzi eta «herri honi itxaropena eman behar zaio». Horrez gain, Legebiltzarrean berriro ere «gehiengo abertzalea» lortzearen garrantzia nabarmendu zuen, eta erabakitze eskubidearen alde daudenen arteko indar metaketa beharrezkoa dela adierazi zuen Ezenarrok.

Aralarrek egindako kanpaina ere txalotu zuen, diru gutxi gastatu dutela eta «garbia» izan dela ziurtatuz. Igandeko emaitzari begira jarrita, bere alderdia Ibarretxe Lehendakaritzan mantenduko lukeen gehiengo horren «giltza» izatea dutela helburu esan zuen Ezenarrok, baina ez zuen zehaztu nahi izan zenbat legebiltzarkide eskuratzeko aukera duten.

 
 


Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo